«Saltsa eta festa» gustuko ditu Felipe Murillok (Azpeitia, 1987). Lanbidez psikologoa da, baina horrek ez dio denborarik kentzen saltsarik saltsa, festarik festa, abestuz edo instrumenturen bat joaz ibiltzeko. 20 urtera arte
Azpeitiko Juan Antxieta musika eskolan ibili zen, eta eskolaren
bidez saltsa ugaritan murgildu zen. Musika bere lanbidean
ere lagun duela dio; psikologo lanerako lagungarria dela sinesten du.
Besteak beste, Getarian musika eskolak ematen ditu; Zestoako haurren Amalda abesbatza zuzentzen du; Azpeitiko Julian Barrenetxea Abesbatzan dabil; Skandalue elektro txarangako abeslaria da; pianoa eta biolina jotzen ditu; eta Sanjuandegiko Festa Batzordeko kidea da. Ezin esan jaia eta musika maite ez dituenik.
Julian Barrenetxea abesbatzako kideak 25. urteurrena ospatzeko Alemaniara joan dira. Murillo, ordea, Euskal Herrian gelditu da, festarik festa lanean ibiltzeko. «Lanagatik ez naiz joan Alemaniara», dio bestondoko ahots urratuarekin.
Hori horrela da bai. Egia da, saltsa askotan nabil. Izan ere, pixka bat saltseroa naiz. Musikaria naiz, eta horren bitartez saltsa askotan sartuta naiz. Askotan esan izan didate: «Hik zerbait egingo duk ba...». Hala, baiezkoa eman, hasi antolatzen, eta kontu askok aurrera irten dute.
Skandalue elektro txaranga ere zerbait egiteko asmo horretan sortu al zen?
Bai, eta uste baino hobeto irten digu ekimenak. Iazko saninazioetan Marea Arroxa ekimenaren baitan, txupinazoa eta gero, kalejira bat edo zerbait egin behar zela-eta, «hi zer edo zer egingo al dek?», esanez etorri zitzaizkidan. Lagun bati eta besteari deitu, eta lagunarteko elektro txaranga bat osatu genuen kalejirarako. Kantuen partiturak egin, eta Eroskiko karro bat muntatu genuen kalean ibiltzeko. Azpeitian jo genuen aurreneko aldiz, eta gero han ikusi eta Azkoitiko jaietarako deitu ziguten. Ordutik, gaztetxe batean eta bestean, emanaldi piloa atera zaigu. Karro berria eginda dugu, eta muntaketa txukunagoa. Skandalua hamabi bat lagunek osatzen dugu gaur egun; azkoitiarrak, azpeitiarrak, zumaiarrak eta hernaniarrak gaude taldean. Proiektu honekin zorte handia izan dugu.
Uda honetan jairik jai zabiltzate, ezta hala?
Zortea izan dugu, eta ondo atera da ekimena. Hil honetan hiru aste nagusitan joko dugu: Gasteizen, Donostian abordatzean, eta Bilbon. Beste herri batzutako festetan ere joko dugu, baina aste nagusietan parte hartzeak ilusio handia egiten digu.
Kantuak zuek sortutakoak al dira?
Ez, Sakandaluen jotzen eta abesten ditugun kantu guztiak bertsioak dira. Ska bertsioak batik bat; parranda giroa sortzeko kantuak.
Skandalue elektro txarangan abeslaria zara, baina Julian Barrenetxea abesbatzan ere bazabiltza. Abesbatzako gazteenetakoa zara, gainera.
Bai, abesbatzako gazteenetakoa naiz ni. Baina orain beste
bat badago, ni baino gazteagoa dena.15 urterekin hasi
nintzen Julian Barrenetxea Abesbatzan.
Barrenetxea bezalako abesbatza batera jende gaztea erakartzea zaila omen da. Hala al da?
Bai, hori gertatzen da. Gazte faltari irtenbide bat topatu nahian, gai horren inguruan hainbat eta hainbat hizketaldi izan dugu abesbatzan bertan: ez dakit formatua aldatu beharko den, edo zer egin beharko den... Ez dakit galdera horri erantzuten. Zestoako Amalda haurren abesbatza zuzentzen dut, eta galdera hori behin baino gehiagotan egin diot neure buruari. Umeei abesbatzari jarraipena ematen saiatu naiz, baina azkenean taldea utzi du hainbat kidek. Akaso abesbatzaren formatua zaharkituta dago, eta beste formatu batzuetara eboluzionatu behar du. Ez dakit nola. Baina egia da, haurren abesbatzatik helduenerako jarraipena zaila dago; badago hutsuneren bat. 16-17 urterekin gazteei abesbatzan eustea zaila da.
Gauez parrandan musikari ibili eta hurrengo goizean abesbatzarekin abestu beharra erraza egiten al da?
Beno, aurtengo saninazioak ere halakoxeak izan ziren: gogorrak. Baina zortea daukagu Azpeitian. Barrenetxea abesbatzak Parrokiako abesbatzarekin abesten du, eta han gurean baino gizonezko gehiago dago, eta festetan gu baino lehenago oheratzen direnak. Baina nik abesbatzarekin abesteari ez diot uzten festetan, festa egunez eta gauez bizitzea ederra delako. Gero, ordea, bi egun behar izaten dira onera etortzeko. Baina festa gustuko dut.
Musikari saltzeroa, baina musikatik bizi al zara?
Ez, ez, musikatik erdi bizi naiz. Getariako musika eskolan klaseak ematen ditut, baina lanbidez familia psikologoa naiz. Psikologia ikasi nuen, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren bitartez nerabeak dituzten hiru familiarekin egiten dut lana.
Musikak psikologo lanean laguntzen al du?
Ba bai. Nik sinesten dut musikak sortzen dituen sentsazioetan, eta musikak gauzak aldatzeko duen gaitasunean.