Bi dokumental eta film bat emango dituzte Sanagustin Kulturgunean abuztuan

Urola Kostako Hitza 2011ko abuztuaren 10a

Abuztuan ere herriari zerbitzua emateko helburuarekin, egitarautxo bat prestatu du Sanagustin Kulturguneak. Ostegun iluntzetan izango da, bihartik hasita. Bideo emanaldiak eskainiko dituzte Sanagustin kulturgunean. Musikariei buruzko hiru luzemetrai aukeratu dituzte, bi dokumental eta filma bat. Hurrenez hurren, Mikel Laboa (1934-2008) dokumentala, I'm not there Bob Dylanen oinarritutako filma, eta Zertarako amestu, Berri Txarrak taldearen dokumentala. Biharko dokumentalak Mikel Laboaren bizitza eta obra guztia jasotzen du, bi zatitan. Lehenengoan, Laboak berak hitz egiten du bere buruaz, Laboaz eta bere lanaz. Bigarren zatian, musikariaren gertukoak agertzen dira, eta kontzertuez, diskoez hitz egiten dute. Abeslari donostiarraren ibilbidea ezagutu eta ulertzen laguntzen duen dokumentala da. I'm not there filma 60 eta 70. hamarkadako Estatu Batuetan dago girotua, eta zazpi pertsonaiaren istorioak erabiliz Bob Dylanen bizitza erakusten du. Christian Bale, Cate Blanchett, Marcus Carl Franklin, Richard Gere, Heath Ledger eta Ben Whishaw aktoreak dira protagonistak, eta Dylanen musikak janzten du filma. Zertarako amestu, Berri Txarrak taldearen 25 hilabete «bizienak» jasotzen dituen dokumentala da. 2009an egindakoa da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide