Azpeitian dagoen Euskal Burnibidearen Museoak elementu berri bat du: Zestoatik ekarritako
loroa. Disekatuta dago, museoko harrerako mostradorearen gainean. «Oraindik hor dago, baina bere lekua azpizentralean egingo diogu, txilibituen artean», dio Juanjo Olaizola tren museoko zuzendariak.
Museora iristen diren bisitariek barrura sartu eta aurrena ikusiko duten elementua da
Pepe.
Kristalezko kutxa baten barruan dago.
Hamabost egun besterik ez dira
Pepe Azpeitira ekarri zutela. Museoko lagun zestoar bati esker lortu dute loroa tren museora eramatea. «Patxi Goenaga museo-laguna jarri zen harremanetan
Gisasola familiaren oinordekoekin eta hari esker dago
Pepe trenaren museoan», azaldu du Olaizolak.
Pepe-rekin gustura daude trenaren museoan. «Istorio kuriosoa du, eta guretzako pieza polita da. Guk ez diogu alde egiten utziko Pepe-ri; betiko hemen geldituko da».
Txilibituaren soinua ikasita
Pepe Zestoako geltokian ezaguna egin zen, 50. hamarkadan. Loroa Zestoako geltokiaren ondoan zegoen Hotel Gisasola edo Hotel Estacion-en bizi zen.
Hoteleko leiho batean edukitzen zuten, eta handik tren geltokia ikus zezakeen. Trenari irteera emateko geltokiko arduradunak jotzen zuen txilibituaren soinua imitatzen ikasi zuen loroak. Ordutik, behin baino gehiagotan, treneko langileak nahastu zituen
Pepe-k.
Bihurri samarra zen loroa, eta trena iristen ikusi orduko txilibituaren soinua antzeratzen hasten omen zen. Soinua entzunda treneko makinista bat baino gehiago nahastu omen zuen, baita arazo bat baino gehiago sortu ere: «Treneko makinistek txilibituaren soinua entzun, eta geltokiko arduradunaren agindua zela pentsatzen zuten. Trena martxan jartzen zuten orduan».
Pepe-ren kontrako epaiketa
Behin, ordea, Zestoako geltokian bi trenek ia elkar jo zuten,
Pepe-k txilibituaren soinua egin zuelako. Egun horretan, Guardia Zibila zegoen tren geltokian eta
loroa hil egin behar zela agindu zuten. Baina txoriaren jabeak
ez ziren loroa akabatzeko prest azaldu. Egun batzuk geroago, ordea, loroaren kontrako salaketa jaso zuten Gisasola hoteleko jabeek.
Garai hartan,
Pepe-ren kontrako epaiketak oihartzun handia izan zuen jende artean, eta hedabideetan. Epaiketa egunean auzitegia jendez bete zen. Pepe ez zuten eraman epaitegira, baina bere jabeak han izan ziren, eta aske gelditu ziren, zigorrik gabe.
Burnibideko araudiaren arabera, makinista batek trena martxan jarri aurretik, txilibituaren soinua entzun eta geltokiko arduraduna banderatxo gorria astintzen ikusi behar du. Zestoako kasuan txilibituaren soinua entzunda bakarrik jarri zuten trena martxan. Beraz, makinistaren arduragabekeria izan zen.
Horrelakorik berriro ez gertatzeko, txilibituaren soinua aldatu zuten geltokian. Alferrik, ordea.
Pepe-k berriarena ere ikasi zuen.
Egun gutxitara
Pepe hilda agertu zen. Inork ez omen daki zer pasatu zitzaion. Haren jabeek disekatu egin zuten. Aurrerantzean tren museoko beste protagonista bat da, hain maiteak zituen txilibituen ondoan.