«Ignaziotar espiritudun» 3.000 lagun bilduko dira asteburuan, Loiolan

Urola Kostako Hitza 2011ko abu. 4a, 12:29

Asteburuan jardunaldi erlijioso handi bat egingo dute Loiolan, Jesusen Lagundiak antolatuta: MAGIS 2011. Mundu mailako 3.000 gazte inguru elkartuko dira bertan. Dagoeneko, ekimena antolatzen diharduten 90 boluntario inguru buru-belarri lanean ari dira Loiolan. Bihartik astelehenera bitarteko ekitaldiak eta ospakizunak prestatzen hasita daude. Ez Loiolan soilik, Azpeitiko kaleetan ere antzemango da ekimen erlijiosoa: «Azpeitiko kongregazio erlijiosoei eta Udalari eskerrak eman beharrean gaude, erromesak hartzeko eskuzabaltasunez eskaini dituztelako espazioak», dio Xabier Riezu MAGIS 2011ren antolatzaileetako batek. Erromesak egunean zehar Loiolako santutegiko ekimenetan ibiliko dira, baina lo egitera herriko beste hainbat tokitara joango dira: komentuetara, kiroldegira... MAGIS 2011 Kristorekin munduaren bihotzean lelo hartuta antolatu du Jesusen Lagundiak, mundu osoko ignaziotar espiritualtasuneko beste erakunde erlijioso eta laikoekin batera. Gazteentzako ekimena da, eta bat egingo du abuztuaren 15ean Madrilen egingo den Munduko Gazteen Topaketarekin. Jesusen Lagundia 1997an hasi ziren Munduko Gazte Topaketen inguruan ekimenak antolatzen. Aurten Topaketak Madrilen direnez, MAGISen abiapuntua Loiolako santutegia izatea erabaki dute. «Euskal kristauontzat eta mundu osoko San Ignazioren jarraitzaileentzat kuttuna, baita Loiola». Bihartik astelehenera bitartean egongo dira erromesak Loiolan. Bihar autobusetan etorrikodira Loiolara, eta batik bat egunak santutegiaren baitan igaroko dituzte, baina Azpeitiko beste azpiegitura batzuk ere erabiliko dituzte. «Oinez mugituko dira batik bat, eta Azpeitiko kaleetan ere antzemango da gazteentzako antolatu dugun ekimena martxan dagoela. Beste kongregazio erlijiosoek eta Udalak ere eskuzabal- tasunez hainbat azpiegitura utzi dizkigulako», azaldu du Riezuk. Santutegia bilgune nagusia Santutegiaren inguruak bihurtuko dituzte MAGISen eremu, batik bat Loiolako zelaiak. Han, hainbat azpiegitura muntatuko dituzte: eskenatokia, jangela-karpa handia, ignaziotar azokako karpak, otoitzerako tokiak eta abar. Loiolan pasatuko dituzten egunetan, ekimen erlijioso honetan parte hartuko dutenek hainbat ekimenetan parte hartzeko aukera izango dute: Ignaziotar azoka, ikuskizunak, Kulturen Jaialdia, barne-bilkuntza eta otoitza, Loiolako San Ignazioren etxera eta Olazko Andre Mariaren baselizara bisitak eta meza. «Jatorri eta mota askotariko hainbat eta hainbat lagun bilduko gara Loiolan eta hori oso polita da. Elkarren esperientziak eta bizitzeko moduak ezagutzeko aukera izango dugu, 60 herrialde baino gehiagotatik etorritako hiru mila lagun bilduko gara eta», dio topaketa erlijiosoaren antolatzaileak. Loiolako San Inazioren eta Xabierko San Frantziskoren bizitzekin lotutako hainbat ikusentzunezko eta antzezlan izango da asteburuan Loiolan: bihar, Loiolako San Inaziori buruzko antzezlana izango da, eta larunbatean Xabierko San Frantziskoren bidaiak gidoiaren oinarri hartuta kulturako hainbat ordezkarik antzezlan txikiak egingo ditu. «Hizkuntzaren oztopoak gaindituz, emanaldi ikusgarri, alai eta koloretsuak izatea espero dugu», diote antolatzaileek. Elizkizun nagusia igandean egingo dute, Loiolako basilikaren aurrean. Orduan, Jesusen Lagundiko Aita Generalak meza emango du. 10:00etan, kantuen entsegua egingo dute eta 11:00etan, eukaristia hasiko dute. Astelehenean bukatuko da ekimena eta orduan Espainiako eta Portugalgo hainbat tokitara joango dira, autobusez. Datuak MAGIS 2011 LOIOLAN Lau egun. Kristorekin munduaren bihotzean MAGIS 2011 lau egunetako ekimena da, ostiralean hasi eta astelehenera bitartekoa. Loiolan egingo dute aurten. 3.000 lagun. 60 herrialdetatik etorritako hiru mila lagunek hartuko dute parte bertan. Astelehenean, parte-hartzaileak ehun taldetan banatu eta esperientzia desberdinak bizitzera Espainiako eta Portugalgo toki desberdinetara zabalduko dira. Ondoren, denak Madrilen elkartuko dira abuztuaren 15ean, Munduko Gazteen Topaketarekin bat eginez. 200 boluntario lanean. 200 boluntario inguru ariko dira ekimenean lanean. Dagoeneko 90 Loiolan daude eta kontu guztiak lotzen ari dira. Loiolako zelaiak eta Azpeitiko beste hainbat toki MAGIS eremu bihurtuko dituzte. Hainbat azpiegitura muntatuko dituzte: eskenatokia, 1.200 metro koadroko jangela, ignaziotar azoka egiteko lai karpa, otoitzerako lekuak eta erromesek bisita liburu modura beren sentimenduak idatzita utziko dituzten panel handi bat.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide