Urtebete baino ez da pasa Egurra Ta Kitto! musika talde azpeitiarrak Argituko du estreinako diskoa kaleratu zuenetik. Harrezkero, batetik bestera aritu dira, makina bat kontzertu eskaintzen, eta, orain, abiarazitako ibilbideari jarraipena eman nahi diote, argitaratu berri duten bigarren lanarekin, Lurrikara-rekin.
Diskoan entzun daiteken izenburu bereko abestia aukeratu dute bigarren lana bataiatzeko: «Letra berezi samarra egin genuen, ironia handiarekin eta umore ukituarekin, hainbat politikarirekin sartuz. Ohiko letrekin alderatuta ezberdina izateaz gain, esanahia du, eta egungo egoera ere pixka bat islatzen du. Gainera, diskoko abesti onenetako bat dela iruditzen zaigu. Beraz, egoki ikusi genuen izenburu hori jartzea», aditzera eman du musika taldeko gitarra-jotzaileak, Orhantza Alegriak.
Euskal Herriko plaza eta txosnetan «lurrikara eta zarata pixka bat» sortzeko itxaropena dute disko berriarekin. Hala ere, oinak lurrean eduki nahi dituzte: «Hori ez dago gure esku bakarrik, baina horretan saiatuko gara». Zuhur erantzuten badute ere, abuztua eta iraila emanaldiz beteta dute. «Uda sasoirako hamasei kontzertu inguru lotuta ditugu dagoeneko», jakitera eman du Alegriak.
Azkenaldian geldirik egon diren arren, laster izango dira bueltan. Debakoa izango da disko berriarekin eskainiko duten estreinako kontzertua, hilaren 13an. Aste berean, hilaren 15en, Azkoitiko plazan joko dute. «Ska musika jorratzen dugu, parranda girorako aproposa. Ez gara sekulako musikariak, baina bai udako jaietarako nahiko talde atsegingarria», nabarmendu du honek.
Lehen diskoko eta bigarreneko abestiak uztartuko dituzte kontzertuetan. «Lehen diskoan zazpi abesti baino ez genituen sartu, eta nahiko eskas geratu zitzaigula sentitu genuen. Zerbait hobea kaleratzea merezi genuela, alegia. Izan ere, gure zazpi abestirekin bakarrik kontzertuak laburrak geratzen ziren. Gainera, jendearen aldetik harrera ona jasotzen ari ginen. Beraz, disko biribilago bat lantzea erabaki genuen. Hartara, gure abestiz osatutako errepertorio zabal izango genuke, bertsiorik jo gabe». Aurrekoa bezalaxe, Ondarroako Santos Records estudioan grabatu dute, joan den martxoan. «Nahiko presaka egindakoa da, baina gogor egin dugu lan, eta gustura geratu gara azken emaitzarekin», dio gitarristak.
Lurrikara lan berrian hamaika abesti jaso dituzte. Aurretik grabatu gabe geratu zen baten bat moldatu duten arren, gainerako abesti guztiak berriak dira, azken urtebetean landutakoak. Lehen diskotik bigarrenera «aldaketak» badirela zehaztu du taldekideak: «Lehenengoa gehiegi pentsatu gabekoa izan zen, bat-batean ateratako abestiekin. Oraingoan, gehiago landu ditugu abestiak, eta, ondorioz, musika estilo gehiago nahastu ditugu. Aurrekoa baino landuagoa bada, nahiz eta horrek ez duen esan nahi hobea denik edo jendeari gehiago gustatuko zaionik». Egurra Ta Kitto!-k ska musika du oinarri, baina reggae edo punk doinuak ere tartekatzen ditu. Horretaz gain, «balada bat atera dugu, eta abesti bati reggaeton erritmoak ere erantsi dizkiogu».
Oraingo honetan, hainbat kolaborazio ere izan dute: Oroitzen abestian Azpeitiko Elektrotxaragako kide Felipe Murillok biolina jo du; Garaipena gertu da abestian Orreaga 778 taldeko kide Pello Lamarkak abestu du; eta Gaur gauean abestian Ane Otaegi beizamarrak ahotsak sartu ditu.
Eskuragarri Interneten
Disko berria duela bi aste inguru eman zuten argitara, baina duela hilabete eta erditik Interneten dago zintzilikatuta, nahi duen orok entzun eta deskarga dezan. Egurra Ta Kitto! taldearen Myspace atarian jaits daiteke diskoa, baita Ekaitzaldin eta gisako blogetan ere. Edonola ere, diskoa euskarri fisikoan eskuratu nahi dutenek, Azpeitiko Orkatz eta Txarrantxa tabernetan eta Zumaiako Nikol tabernan topa dezakete, 5 eurotan. Alde horretatik, taldeak gauzak garbi ditu: «Merke jarri, eta egiten duguna ahalik eta gehien zabaldu nahi dugu».쇓