Ofizialki atzo goizean bukatu ziren aurtengo saninazioak, danbatekoekin. Baina kalean gaupasa eginda jende piloak segitzen zion festari. Festen antolatzaileek balorazio «oso positiboa» egin dute, oro har. Udaleko festa batzordeburu Mikel Ibarzabalen arabera, «herritarren parte-hartzea nabarmena izan da, eta batik bat gazte, eragile eta taldeen erantzuna eta parte-hartze aktiboa nabarmentzea merezi du». Festa Herrikoien Aldeko Batzordeko kideak ere oso gustura gelditu dira saninazioekin. «Egunero festa giro ona egon da, eta herritarrek parte hartu dute. Harrituta gelditu gara hainbat ekitalditan jendeak emandako erantzunarekin. Jende piloa etorri zaigu zorionak ematera», azaldu du Ilazki Lili batzordeko kideak.
Ibarzabalen arabera, jende asko ibili da festetan, eta asteburua izateak ere jende asko erakarri du. Hala ere, aipatzeko moduko arazorik ez dela izan nabarmendu du. «Beraz, eskerrik asko azpeitiarrei, baita kanpotik etorritako guztiei ere», adierazi du Ibarzabalek. Hurrengo saninazioak hobeak izateko Udalean lanean segituko duela ere esan du festetako zinegotziak.
«Olatu arroxa ederrak»
Festa Herrikoien Aldeko Batzordearen Marea arroxa-k hasiera eta bukaera bikaina izan du. Egunero-egunero eta ekitaldiz ekitaldi, «olatu arroxa ederrak» sortu direla adierazi du Lilik batzordearen izenean.
San Inazio bezperan, larunbatean, jendetza ibili zen herrian, eta Marea arroxa-n antolatutako ekitaldietan. Herri bazkarian 1.100 lagunetik gora bildu ziren, eta iluntzeko kontzertuetan ere jende piloa ibili zen txosnetan. «Txosnetan eta herriko plazan kontzertuak txandatzea hitzartu genuen Udalarekin, eta idea ona izan da. Ondo atera da», dio Lilik.
San Inazio egunez, Txomingeroen bazkaria antolatu zuten Erdikalean, eta 50 bat lagun bildu ziren. «Bezperakoan baino jende gutxiago bildu ginen, baina giro goxoagoa izan zen. Polita atera zen». Herenegun bakailao txapelketak eta ondorengo bazkariak izandako emaitzarekin ere gustura daude.
Arratsaldeko hutsunea betetzeko mus txapelketa antolatu zuten, eta horrek ere erantzun bikaina izan du. Beraz, orokorrean izandako giroarekin «oso gustura» gelditu dira festak antolatu dituzten guztiak.
Mus txapelketa
Balorazio «oso oso positiboa» egin dute saninaziotako aurrenengo Mus Txapelketako antolatzaileek. Hori esan du Aitor Altuna Festa Batzordeko kideak. Astelehen arratsaldean hasi zen, eta61 bikotek eman zuten izena bertan. Gauean amaitu zen azkenengo partida. Jose Carton eta Mikel Rodrigez bikoteak Segundo Lili eta Tomas Bergararen aurka jokatu zuten. Azkenean bikote gazteenarentzat izan zen txapela, Carton eta Rodrigezentzat. «Espero baino hobeto» joan dela jakinarazi du Altunak, ez baitzituzten hainbeste bikote espero aurrenengo aldia zela kontuan hartuta. Emaitza ikusita, datorren urtekoa antolatzeko gogotsu agertu da.