Abian da Orkatzeko IV. Klik Argazki Lehiaketa

Urola Kostako Hitza 2011ko uztailaren 13a

Orkatzeko IV. Klik Argazki Lehiaketa abian da dagoeneko. Urtero bezala, Euskal presoak eta oporrak da gaia. Aurreko hiru urteetako arrakasta ikusita antolatu du Orkatz Kultur Elkarteak lehiaketa laugarren aldiz. Opor garaian ere euskal presoak gogoan izatea da asmoa. «Oporrak ere aldarrikapenerako aldia dira», dio Koldo Eizmendik, Orkatzeko kideak. «Lehiaketa aldarrikapena munduko txokoetara eramateko aitzakia da». Hori hala, urtero bezala, herritarrek, munduko edozein txokotan direla ere, euskal presoak gai hartuta argazkiak atera eta helaraztea nahi dute Orkatz Kultur Elkarteko kideek. Irailaren 30a izango da irudiak jasotzeko azken eguna. Orkatz tabernan bertan utz daitezke, edo orkatzazpeiti@euskalerria.org helbidera bidali. Urrian Orkatz tabernan jarriko dituzte argazkiak erakusgai, paneletan. Herritarrek gustukoena bozkatzeko aukera izango dute. Ondoren, boto gehien jaso dituzten hiruzpalau irudiak finalera igaroko dira. Irabazleak bi lagunentzako afaria eskuratuko du. Gero eta finkatuago Laugarren urtea da Klik argazki lehiaketa antolatzen dutena. «Finkatzen ari da, nabari da eboluzioa. Orain jendearen artean pikea dago, nork aterako argazki onena», azaltzen du Eizagirrek. Lehen saioa gogoan du, ordea, Eizagirrek. «Jendeak presoen aldeko banderola eramaten zuen oporretara, baina gero ez zion irtenbiderik ematen. Eta guri horri irtenbidea ematea bururatu zitzaigun, erabilgarri bihurtzea». Hori hala, banderolaren inguruko argazkiak dira ohikoenak lehiaketan. «Aukera errazena da, akaso, eta gehienak horrelakoak izaten dira. Leku aproposa topatu, maindirea kokatu, eta argazkia atera. Baina badaude presoak Euskal Herriratzea irudikatzen duen sinboloa hondarrez edo harrekin osatu dutenak ere, argazkirako», dio Orkatzeko kideak. «Irudimena erabiltzea da oinarria, baina gehienek inprobisatu egiten dute». Gai bera, urtero Oraingoz, ez dute gaia aldatzeko asmorik. Euskal presoak eta oporrak. «Bai, urtero gai bera dugu. Eta hala izango da presoak barruan dauden bitartean. Lehiaketak gutxi irauten badu, seinale ona izango da. Dena den, egoera aldatzen bada, eta preso izateari uzten badiote, ikusiko dugu lehiaketarekin jarraitu, gaiz aldatu, edo zer egin».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide