AntzerKlik egitasmoan Greban gaude eta Prest gaude lanak taularatuko ditu Lakrikun Antzerki Taldeak, asteburuan
Euskal Herriko hainbat herri igaro ondoren, Azpeitiko Lakrikun Antzerki Taldeak bere azken bi antzezlanak jarraian taularatuko ditu asteburuan, Kilometroak 2011ren harira antolatutako Antzerklik! egitasmoan. Sanagustin kulturgunean izango dira emanaldiak, 19:00etatik aurrera; larunbatean, Greban gaude, eta igandean, berriz, Prest gaude. Beraz, Idoia Uranga, Alaitz Olazola eta Gurutze Eizmendi hirukoa taula gainean ikusteko aukera izango da aspaldiko partez.
«Alaitz eta biok Ikastolako gurasoak gara, eta Kilometroen antolakuntzan sartuta gaude. Beraz, Kilometroen alde gure ekarpena egiteko, astebukaera batean gure lanak antzeztu genitzakeela bururatu zitzaigun», adierazi du Lakrikun taldeko aktore Gurutze Eizmendik. Sarrerak aurrez eros daitezke Kilometroen dendan; 6 eurotan egun batekoa, eta 10 eurotan bi egunetakoa. Egunean bertan, sarrera bakoitzak 7 euro balioko du.

Greban gaude duela zortzi urte inguru estreinatu zuten, eta horren atzetik etorritako Prest gaude, berriz, duela hiru urte. Batak zein besteak «oso ongi» funtzionatu du antzeztutako toki guztietan. «Gure asmoa hirugarren lan bat lantzea da, eta hala trilogia osatzea», aurreratu du Eizmendik.
Gogora ekarri duenez, «Emakumeen Nazioarteko Egunarerako 50 minutuko antzezlana egin genuen udalak eskatuta, Greban Gaude izenarekin, eta harrera ona izan zuen». Lan hura pixka bat luzatuz eta jantziz gero, herritik kanpo ere funtziona zezakeela pentsatu zuten. Aurreikuspenek ez zuten hutsik egin; izan ere, 70 emanaldi inguru eskaini dituzte orain arte.
Arrakasta horren bidetik, Prest gaude sortu zuten. Azken finean, «istorioarekin jarraitzea merezi zuela uste genuen. Pertsonaia horiekin oso gustura geunden, egia esan, eta beharbada beste gai batzuk jorratuta, aurrera egin genezakeela iritzi genion». Elkarren segidako antzezlanak izanik, orden bat jarraitzen dute emanaldietan. Herri batean lehenengo aldiz antzezteko deitzen badituzte, trilogiaren lehen atala antzezten dute beti. «Ondoren, nahi baldin badute, bigarrena taularatzen dugu, eta gero, hirugarrena».
Grebara joatea erabakitzen duen hiru garbitzaileren kezkak ditu kontagai lehen antzezlanak. «Emakume garen aldetik, ditugun arazoen inguruan hitz egiten dugu; besteak beste, maitasuna, amatasuna, sexua…», dio aktoreak. Bigarren lanean pertsonaiak berdinak dira protagonista, baina orain helduagoak dira. Denbora luzez greban egon arren, ez dituzte helburuak bete. Edonola ere, borrokan jarraitzeko grina dute.
«Datorren urterako, hirugarren bat egin nahiko genuke; betiere, hari berari jarraiki. Greban gaude, Prest gaude eta hurrengoa ez dakit non egongo garen, baina zeozer gaude izango da. Ideia batzuk ditugun arren, oraindik ez gara ezer zehazten hasi. Suposatzen da urte batzuk pasatuko direla, eta beste kezka batzuk izango dituztela gure pertsonaiek», azaldu du Eizmendik. Hirugarren antzelanarekin AJE trilogia biribilduko lukete; hau da, Arantxa, Jaione eta Elena hirukoaren hiru istorioak.
Emakumeen inguruko gaiak jorratzen dituzte, baina umore aldartean. «Gaur egun, antzerkia ikustera joaten direnek asko baloratzen dute giro hori. Are gehiago gu ibiltzen garen herrietan. Gure antzezlanek mezua dute, baina umorez kontatuta. Ondo pasatuz eta barre eginez, jorratzen ditugun gaietan arrazoi dugula konturatzen da publikoa».
Ilusioa eta plazera
Herrian berriro antzezteak ilusio berezi egiten dio hirukoari: «Herenegun entsegua izan genuen, eta horixe komentatzen aritu ginen. Egia esan, urduriago jartzen zara herritarren aurrean, baina, era berean, egundoko plazera ematen du». AntzerKlik! ekitaldiak ikusmina sortu du, eta antzezlanak berriz ikustera animatuko denik ere izango dela espero dute Lakrikuneko kideek: «Greban gaude aspaldi antzeztu genuen. Harrezkero, asko aldatuta, luzatuta eta moldatuta dago. Beraz, jendea etorriko da, bai!».m