Iazko inbertsio mailari eutsita, aho batez onartu dute Azpeitiko 2011ko aurrekontua

Urola Kostako Hitza 2011ko maiatzaren 9a

Azpeitiko Udalbatzak aho batez onartu zituen 2011ko udal aurrekontuak joan den osteguneko osoko bilkuran. Aurrekontu orokorra — Udalarena, Kirol eta Euskara Patronatuena eta Azpeitia Lantzenena batuta— 23.997.559,75 eurokoa da. Udalaren aurrekontu propioa, berriz, 19.788.664,16 eurokoa, iazkoa baino %1,05 txikiagoa. Euskara Patronatuarentzat izango dira 654.000 euro (iaz baino %1,15 gehiago) eta Kirol Patronatuarentzako 1.074.342 euro (iaz baino %7,87 gehiago). Iraurgi Lantzen elkarte publikoaren aurrekontua 3.463.086 eurokoa izango da. Iazko inbertsio konpromisoei eutsi dietela nabarmendu zuten EAJk eta ezker abertzaleko hautetsiek. Ezker abertzaleko hautetsi Iñaki Errazkinek esan zuen, inbertsioei dagokionez, «hitz emandakoari eusteko adina diru» besterik ez dagoela: «Ez dago gehiagorako marjinarik». Diru-sarrerak gutxitu badira ere gastuak mantentzeko ahalegina egin dutela nabarmendu zuten. EAko eta Aralarko zinegotziek ez zuten adierazpenik egin nahi izan, eta aldeko botoa ematera mugatu ziren. Bataz besteko onak Julian Eizmendi alkateak adierazi zuen agintaldi hau «krisiaren agintaldia» izan dela. 2007an ekin zion legealdiari, eta diru-sarrerak ez dira berriro ordukoak izan (19.500.000 euro). Hori dela eta, Udal Gobernutik gastuak kontrolatzen saiatu direla adierazi zuen: «Denok izan gara egoeraren jabe». Bestetik, krisiaren ondorioak euren gain hartu dituztela adierazi zuen alkateak. Izan ere, Foru Aldundiari datozen hiru urteetan itzuli beharreko 2.000.000 euroak gordeta utzi ditu Udalak, «datozenek dirua eskura izan dezaten».  . «Politika antiziklikoa» egiteko moduan izan direla esan zuen Eizmendik. «Nahiz eta ez lortu gastu arruntak 2007ko mailakoak izatea, 2008tik gastua mantendu edo zertxobait igotzea lortu dugu», zioen. Gizarte laguntzako inbertsioak mantentzeko apustua egin du Udalak. «Eusko Jaurlaritzak arriskualdietarako laguntzak murriztu egin dituen arren, Udalak irizpideak mantentzea erabaki du, eta diru aldea Udaleko diru-kutxatik ipini dugu». Eizmendik adierazi zuenez, finantza bataz bestekoak «Gipuzkoako bataz bestekoetatik gora» utzi dituzte. «Zorpetze maila, aurrezte gaitasuna eta inbertsio maila onak ditugu». Aurten Azpeitiko Udalak izango duen soberakina 2.935.070.18 eurokoa izango da. «Testuinguru honetan garrantzitsua da diru hori edukitzea, krisia gainditzen laguntzeko, inbertitzen jarraitzeko edo laguntza sozialekin orain arte bezala jarraitzeko», adierazi zuen Eizmendik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide