Ibaiederren hilda agertutako emakume oriotarra buruan zituen kolpeen eraginez zendu dela dio Ertzaintzak

Urola Kostako Hitza 2011ko martxoaren 17a

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak baieztatu duenez, atzo Ibaieder urtegian (Azpeitia, Gipuzkoa) hilik agertu zen emakumea bortizki hil zen. Buruan zein aurpegian kolpe gogorrak zituen, eta Ertzaintzaren arabera, ziurrenik horien eraginez zendu zen emakumea. Era berean, hasieran esandakoaren kontrara, gorpuak ez zuela ez tiro ez labankada zantzurik ziurtatu du Ertzaintzak. Urtegiko uretara jaisteko errepidean arropaz betetako zorro bat aurkitu zuen Ertzaintzak, eta han inguruan balinezko arma bat ere bai. Ez dute, ordea, eskopeta hori erabili emakumea erailtzeko. Emakumeak eskuak lotuta zituela adierazi dute hedabide batzuk. Zarauzko Udalak hilketa gaitzetsi du ohar bidez: "Amaia Azkueren bortxazko heriotza salatu nahi dugu", dio oharrak. Gertaera "lazgarri eta deitoragarri" hori azkar argitzea eskatu die dagokien arduradunei, eta bere eskura dauden "tresna guztiak eskaini" dizkie Azkueren familiari eta lagunei. Hildakoak "Zarautzekin lotura handia" zuela azpimarratu du, eta oharraren bidez Azkueren senitarteko eta lagunei "zarauztarren elkartasuna eta maitasuna" helarazi nahi izan die. Jon Urien Zarauzko alkateak, gertatutako ahalik eta azkarren argitzea espero duela azaldu zuen.

Oriotarra, Getariako bizilaguna

Orion jaiotakoa zen emakumea, Meagan (Getaria) bizi zen, baina Zarautzen egiten zuen bizimodua. Amaia Azkue zuen izena, 39 urte zituen, ezkondua eta bi haurren ama zen. Hedabideen arabera, emakumearen senarrak haren desagerpenaren berri eman zuen. Itxuran atzo eguerdian ikusi zuen lagun batek azken aldiz Zarautzen. Ordutik hilik aurkitu zuten unera bitartean zer gertatu zen aztertzen dihardu Ertzaintza.Gorpua Donostiara eraman zuten atzo.

Gorpua atzo arratsaldean aurkitu zuten inguruko bizilagun batzuek. Odol arrastoa ikusi zuten oinez zebiltzan bi bizilagunek urtegia ingurartzen duen bidetik uretara joateko dagoen aldapatxo batean, baina, arrastoei ez jarraitzea erabaki zuten. Etxera joatean ikusitakoa kontatu eta etxekoak joan ziren orduan urtegira; haiek topatu zuten hilotza, uretan. Ertzainei deitu eta Azkoitiko komisaldegiko ertzainak gerturatu ziren bertara eta gorpua uretatik atera zuten.

Plastikozko poltsa

Bidetik uretarako aldapatxo horren gainaldean plastikozko poltsa bat topatu zuten, barruan beroki bat eta bestelako arroparen bat zegoen. Inguruan, bestalde, balinezko arma bat aurkitu zuten ertzainek eta aztertzeko jaso zuten haiek. Auzitegiko medikuak bertaratu ziren gorpuaren lehen azterketa egiteko eta hilotza Donostiako Auzitegiko Medikuntza Institutura eraman zuten. Gaur egingo diote autopsia. Ertzaintza urtegiaren inguruko eremua aztertzen ari da goiz-goizetik.

Bost egunean Gipuzkoan hildako bigarren pertsona da. Larunbatean Bergarako gizon bat agertu zen hilda, labankadekin. Ustez bere bizilagunak hil zuen, eta asteartean atxilotu zuten hura Irunen.

Mobilizazioak, biharko

Hilketa salatzeko, Urola Kostako Koordinadorak elkarretaratzeak deitu ditu eskualdeko herrietan biharko; Azpeitian, 19:30an plazan egingo dute kontzentrazioa. Azkoitian, 20:00etan elkartuko dira, eliz atarian. Zarautzen, 19:00etan Udaletxe aurrean bilduko dira. Zumaian, berriz, Magnolio aurrean egingo dute elkarretaratzea, 20:00etan, eta Orion plazan elkartuko dira, 20:00etan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide