Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Espainiako Auzitegi Nazioalak absolbitu egin ditu Udalbiltzaren kontrako prozesuan auziperatutako 20 lagunak. Oraintxe atera da argitara 61 orriko epaia, eta dokumentuak jakinarazten duenez "Udalbiltza proiektu nazionalista da, eta ez terrorista". Eta zera gehitzen du: "Ezin izan da inolaz ere frogatu ETAk eta Udalbiltzak lotura zutenik". Hori hala, Udalbiltza ez dela "ETAren proiektua" ondorioztatu du epaileak.
Hogei auzipetuentzat hamarna urteko kartzela zigorra eskatzen zuen fiskalak, tartean Miren Odriozola azpeitiarrarentzat. Auzitegi Nazionalak ez ditu Madrilera deitu; epaia idatziz jakinarazi die.
Atzo elkarretaratzeak egin ziren guztiek aske behar dutela aldarrikatzeko.
Eskualdeko herri gehienetan dozenaka lagun bildu zen atzo iluntzean, Udalbiltza auziko epaia absoluzioa izan dadin exijitzeko egin ziren elkarretaratzeetan.Udalbiltza aske! Justizia=Absoluzioa leloarekin bat egin zuten elkarretaratze isiletan, Espainiako Auzitegi Nazionalak auzipetuei epaia jakinarazi baino egun bat lehenago.
Gaur goizean jakinaraziko baitu Auzitegi Nazionaleko 1. Salako epaimahaiak Udalbiltza auzian auzipetutako hogei hautetsi eta langileen gaineko epaia. Javier Gomez Bermudez epaimahaiburu duen salak ez du egin auzipetuak edo defentsako abokatuak hara joan daitezen inolako dei edo zitaziorik; aitzitik, idatzizko probidentzia baten bitartez jakinarazi die auzipetuei gaur goizean jakinaraziko dutela epaia.
Absoluzioa beste epairik ez dutela espero esan dute auzipetuek, haien alde sortutako babes taldeek eta atzo elkarretaratu ziren herritarrek nahiz Udalbiltzaren alde egin diren manifestazioetan bildutakoek.