Jaialdi handi batekin agurtu du ikasturtea Bizkargi eskolak

Andoni Elduaien 2026ko ekainaren 6a

Guztira, musika eta dantza eskolako hamabost talde igo dira oholtzara. Jaialdi bizia eta atsegina eskaini dute eskolako kide guztiek. Baztartxo goraino bete da beste urte batez. Astelehenean, bestalde, bi entzunaldi izango dira Elkargunean. 

Bizkargi musika eta dantza eskolak ikasturte amaierako jaialdia eskaini zuen atzo, ostirala, Baztartxo antzokian. Eskolako ikasleek 19:00etan hasi zuten musika eta dantza ikuskizuna, eta beste behin, goraino bete zuten aretoa oholtza gaineko protagonistak ikustera joandako gurasoek, senideek eta lagunek.

Guztira, hamabost talde aritu ziren jendaurrean. Musika tailerreko 5 eta 6 urteko haurrak eta helduen musika tailerrekoak atera ziren aurrena oholtzara, eta haiek abesbatzakoen batera zabaldu zuten jaialdia Aldapeko abestia eskainiz. Haien ondotik banan-banan igaro ziren gainerako taldeak: musika tailerreko 3 eta 4 urteko haurrak (Papaoutai), biolin taldea (Clocks), 4 eta 5 urteko dantzariak (Eriño batez), helduen dantza taldea (Kortesko sarrera eta Kurutzatze bikoitza), saxo taldea (Hip shake), metal taldea eta pianoa (La Perla), abesbatza (Canon des scats), 7 urtekoen dantza taldea (Aulki jokoa), Bizkargiko banda txikia (Vente pa' ca'), 8 urtekoen dantza taldea (Iturengo zortzikoa eta Imotzeko esku dantza), banda eta abesbatza (Corazon de tango) eta trikiti eta pandero taldea (Keinu konplizeak). 

Astelehenean, bi entzunaldi

Etzi, astelehena, Bizkargi eskolakoek bi entzunaldi eskainiko dituzte Elkargunean. Batetik, Oteiza aretoan, klarinete, flauta eta biolin ikasleen emanaldia izango da, 18:00etan. Bestetik, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan, trikiti eta pandero taldekoek eskainiko dute entzunaldia, 19:00etan hasita.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide