Azkoitiko Caritasek joan zen urteko memoria osatu du, eta herritarrei jakinarazi die azken urtebeteko lana. Erakunde horrek adierazi duenez, bere zerbitzu osoa "herriko behartsuenei" zuzenduta dago, eta 2025ean 175 pertsona ingururi eman zien laguntza; 50 bat familiari eta 45 norbanakori.
Caritasen erabiltzaileak herrialde desberdinetatik iritsitakoak direla jakinarazi du erakundeak, eta, gehienak hispaniar-amerikarrak direla. "Batez ere emakume gazteak, bakarrik daudenak edo seme-alaba adingabeak dituztenak, dira. Marokoko gazteen kopurua ere handitzen ari da, bakarrik datozenak zein seme-alabak dituzten familiak. Tindufeko kanpamenduetako pertsonen kopurua murriztu egin da, baina une honetan bakarrik edo seme-alaba adingabeak dituzten emakumeak iristen ari dira. Gure harrerara eta Parrokiara errolda bideratzeko eta etxebizitza aurkitzeko etengabe jendea iristen zaigu", esan du. Haien arabera, "apurka-apurka" aldatzen doa beren "pentsamoldea eta ikasketekiko ardura": "Orain, lan mundura bideratutako heziketa zikloetan matrikulatzen ari dira, eta izena ematen dute hizkuntza bat ikasteko".
Hain zuzen, honako zerbitzu hauek eskaintzen ditu Azkoitiko Caritasek hango 42 boluntarioei esker: batetik, harrera zerbitzua dute, eta arlo horretatik janaria, arropa eta bestelako laguntza batzuk bideratzen dituzte. Hain zuzen, jantzien biltegia astean bitan zabaltzen du Caritasek, eta hainbat herritar joaten dira hara arropa bila. Erakundeak adierazi duenez, jantzitegiko arropa gehiena herritarrek emandakoak dira, baina beharrak bultzatuta, urtean zehar erosketak egin izan ditu, batere ere umeentzat oinetakoak, kamisetak eta txandalak eskuratzeko. Dena den, azaldu du iaz ez zutela erosketarik egin behar izan, hainbat saltokik emandako oinetakoei eta arropei esker.
Espetxe pastoraltza ere badute martxan, baita gaixoen pastoraltza delakoa ere; han, San Jose egoitzakoekin batera, eguneko zentrora joaten dira, eta etxez etxeko laguntza ere lantzen dute Hurkoarekin batera. Misio eta garapen taldeak, berriz, tonbola eta bidezko merkataritza kudeatzen ditu, eta hor ateratako etekinekin laguntza ekonomikoa ematen die hondamendi egoeratan dauden herrialdeei zein gobernuz kanpoko erakundeei. Era berean, gaztetxoek Caritas txiki taldea osatzen dute.
Ikasketetarako laguntzak ere eskaintzen ditu Azkoitiko Caritasek, eta Donostiako Elizbarrutiarenak diren bi etxebizitza ere kudeatzen ditu Caritasek: bata Azkoitian eta bestea Azpeitian.
Iazko memoria osatuta, erakundeak eskerrak eman dizkie boluntarioei zein beraiekin "eskuzabaltasunez" laguntzen dieten herritar guztiei.