Parte Hartze Herrikoiak 700 ume bilduko ditu igandean

Ane Olaizola 2026ko ekainaren 3a

Parte Hartze Herrikoia, iaz. (Andoni Elduaien)

42. urtez antolatu dute Parte Hartze Herrikoia, eta Ibai Ondo eta Plazaberri artean hamar lasterketa inklusibo jokatuko dituzte eguerdira artean. 

Azkoitiko Xabier Munibe ikastolako Udaberri guraso elkarteak 42. urtez antolatu du Parte Hartze Herrikoia lasterketa inklusiboa —lehengo Ikaskirol krosa—, eta beste behin, egitasmoak inguruko ehunka ume bilduko ditu herriko kaleetan; izan ere, Azkoitiko zein Azpeitiko zazpi ikastetxetako 700 ikaslek baino gehiagok eman dute probarako izena, antolatzaileek jakinarazi dutenez.

10:30etik 11:55era bitartean, adinka banatutako hamar proba jokatuko dituzte, batetik besterako tartea hamar minutukoa izanda. HH4koek eta HH5ekoek 400 metroko ibilbidea egingo dute Ibai Ondo kalean hasita, eta gainontzeko probak Plazaberrin hasiko dira: LH1 eta 2koek 550 metro egingo dituzte; LH3-4koek 1.100 metro; LH5-6koek 1.550 metro; eta DBH1-2koek bi kilometro —azken bi maila horietakoek proba bakarrean egingo dute korrika—. 

Plazaberrin amaituko dira lasterketa guztiak, eta hamaiketakoa, kamiseta eta botila bana jasoko dute parte hartzaile guztiek. 12:30ean, berriz, sariak banatuko dituzte guztien artean. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide