Denboraldia modu berezian bukatu dute Anaitasunaren futbol eskolan ibiltzen diren gaztetxoek; izan ere, lehendabiziko aldiz Gorri Txiki Eguna ospatu dute. Goizean San Juan futbol zelaira azaltzeko agindu zuten umeek, eta 10:30ak alderako han ziren 170 bat.
Goiz guztia jolasean pasatu ostean, indarrak berreskuratzeko garai bazela eta, herriko plazara joan dira denak, hantxe bazkaldu baitute. Arratsalde partea arintzen, berriz, magiak lagundu die. Bi mago gaztetxoen aurrean trikimailuak egiten aritu dira, haiek laguntzailetzat hartuta, eta behin baino gehiagotan gelditu dira aho zabalik begien aurrean magoek egin dizkietenak ikusita.