Gipuzkoako 55. Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketaren azken jardunaldia jokatu zuten atzo Floreagako bolatokian. 17:00etan hasita, bederatzi taldetako ordezkariak aritu ziren lehian: Azkoitiko Floreaga, Bergarako San Joxepe, Eibarko Asola-Berri, Elgoibarko San Migel, Aretxabaletako UDA Hirutxirlo, Elgeta, Lastur eta Soraluzeko Ezozi nahiz San Andres. Lasturko Jokin Arrizabalagak irabazi zuen atzoko jardunaldia, eta San Migel taldeko Jabier Osoro eta Asola Berriko Arkaitz Rodrigez izan ziren bigarren eta hirugarren.
Martxoan ekin zioten txapelketari, eta ordutik bederatzi jardunaldi jokatu dituzte. Atzokoa hamargarren hitzordua izan zen, beraz, eta erabakita geratu da zeinek irabazi duten Gipuzkoako txapelketaren 55. aldiz. UDA taldeko Gorka Madinabeitia izan da nagusi gizonetan, eta emakumeetan, berriz, Asola Berriko Enara Montiel. Bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren, honako bolari hauek sailkatu dira: Javi Martino (Ezozi) eta Garikoitz Rodriguez (Asola Berri) nahiz Isana Gorosabel (UDA) eta Olatz Arano (San Joxepe).
Bikotekako, taldekako nahiz mailaz mailako sailkapenak ere zehaztuta geratu ziren atzoko jardunaldiaren ostean, eta Azkoitiko Floreaga taldeko inork ez du lortu lehen hiru postuetan sartzerik.
Bolari Eguna, Eibarren
Datorren asteburuan Eibarko Asola Berri bolatokian Bolari Eguna ospatuko dute, eta txapelketaren sailkapeneko lehen 64 postuetan diren bolariek Lehendakari Saria jokatuko dute. Gero, denboraldiari bukaera emateko, bazkaria egingo dute Eibarko jatetxe batean, eta otorduaren ostean banatuko dituzte sariak. Gainera, omenaldia jasoko dute Eibarko Bittor Astigarragak, Bittor Ugarteburuk eta Jose Angel Astigarragak.