Oraindik Sanjuandegiko festak ofizialki hasi ez badira ere, umeek gaur dute beren eguna, eta denak emanda ari dira ospatzen. 12:00etan zuten hitzordua jarria Jose Antonio Agirre plazan, eta hantxe elkartu dira izena emandako 200dik gora umeak eta begirale lanetan ari diren gazteak. Adinaren araberako taldeetan banatuta, auzoan barrena sakabanatu dira, eta jolasak egin dituzte bazkalordura arte. Zerri eginda eta goitik behera bustita bukatu dute den-denek, salbuespenik gabe, baina baita gozatu ederra hartuta ere.
Jolasak bukatu dituztenean, atzera Jose Antonio Agirre plazan elkartu dira denak, bazkaltzeko, jolasetan xahutu dituzten indarrak berreskuratu beharra baitzeuzkaten. Aurtengoan ere Iagomago izango da Umeen Egunari ginga jarriko diona, 16:15ean hasita egingo duen ikuskizunarekin.
Gaur ez ezik, bihar ere umeak izango dira protagonista Sanjuandegin, baina biharkoan bizikleta gainean ibiliko dira. Joan den urtean, YK Riders taldeak eta XJ Auzolanean taldeak elkarlanean, aspaldiko jarduera bat berreskuratu zuten, eta aurten berriz egingo dute, baina 3 urtetik 12 urtera arteko haurrentzat beharrean, 16 urtera artekoentzako antolatu dute oraingoan. 16:30ean Jose Antonio Agirre plazan jarri dute hitzordua, eta parte hartu nahi dutenek egunean bertan eman beharko dute izena. Kaskoa eramatea ezinbestekoa izango da parte hartu ahal izateko.
(Argazkiak: Julene Frantzesena eta Aitziber Arzallus)