Gaur ere trikitia da Azkoitian protagonista nagusia. Atzo Urola Erdiko erromeria lekuei buruzko erakusketa zabaldu eta Iñaki Garmendia Laja trikitilariaren Ordu txikitako saioak diskoa aurkeztu ondotik, Trikiti Egunaren bosgarren edizioa ari dira ospatzen gaur. Larunbatarekin, eta aurreko egunetako berorik gabe, soinu txikiak hauspotzen eta pandeoak astintzen aritu dira hainbat lagun goizaz geroztik. Trikigiro elkareak Azkoitiko Udalaren eta Um Blem Ble tabernarien elkartearen laguntzarekin antolatu du eguna.
11:30ean egin dute trikitilari hainbatek juntadizoa San Martin auzoan, eta Ana Azkoitia alkatearekin argazkia atera dute horiek, auzoko baselizaren atarian. Gero, taldeka banatuta, herrian barrena ibili dira partaideak trikiti piezak eskaintzen. 13:30 pasatuta zirela Julio Urkixo etorbidetik abiatu dute eguneko kalejira nagusia. Kalez kale aritu dira soinu txikiaren doinuak eta panderoaren hotsak lau haizetara zabaltzen, eta plazara iristearekin, taldeko argazkia atera dute.
Festa ez da, baina, kalejirekin bukatuko. Bazkaria egingo dute ehundik gora lagunek plazan, eta bazkal ostean, erromeriaren tartea izango da. Hain zuzen ere, 18:00etatik 22:00 ingurura bitartean taldeka igoko dira trikitilariak plazako agertokira.
Hona hemen eguerdiko kalejira nagusiko irudi batzuekin egindako bideoa: