Trikitiaren plaza bihurtuko da bihar Azkoitia

Andoni Elduaien 2026ko maiatzaren 29a

Trikitilariak kalejiran, Julio Urkixo etorbidean. (Nerea Uranga)

Bosgarrenez egingo dute bihar herrian Trikiti Eguna, eta ohi bezala, trikitilarien kalejirak, bazkaria eta erromeria egingo dituzte, goizetik gauera arte. Gaur, berriz, Laja zenaren Ordu txikitako saioak diskoa aurkeztuko dute, Urola Erdiko erromeria lekuak erakutsiko dituen Portaleburu erakusketa aretoan. 

Bihar, zapatua, ospatuko dute Azkoitian V. Trikiti Eguna. Trikigiro elkarteak udalarekin eta Um Blem Ble tabernarien elkartearekin antolatu du biharko eguna, eta haiek bezala, prest dira inguruotako trikitilariak eta trikitizaleak. Goizean hasita, gauera arte entzun ahal izango dira trikiti doinuak herriko kaleetan zehar.

11:30ean, San Martin auzoan elkartuko dira trikitilariak, eta gero, herrian zehar sakabanatuko dira; izan ere, taldeka banatuta kalejiran arituko dira kalerik kale. 13:30ean, berriz, guztiek bat egingo dute berriz, eta Julio Urkixo etorbidetik herriko plazara arte elkarrekin egingo dute kalejira. Segidan, familia argazkia aterako dute parte hartzaile guztiek hantxe bertan, eta 15:00etan bazkaria izango da. Guztira, 110 bat lagunek eman dute izena biharko. Bazkalostean, berriz, erromeria izango da plazan jarriko duten oholtzan, 18:00etatik 22:00etara bitartean. Aurreko lau aldietan bezala, aurten ere taldeka igoko dira trikitilariak oholtzara. 

Erakusketa eta aurkezpena

Trikiti Egunari lotuta, beste bi hitzordu ere izango dira egunotan Azkoitian. Batetik, Iñaki Garmendia Laja (Azkoitia, 1944-2019) trikitilariaren Ordu txikitako saioak diskoaren aurkezpena egingo dute gaur, ostirala, Portaleburu erakusketa aretoan (19:00). Trikigiro elkarteak sustatu du proiektua, eta Laja zenaren 40 bat pieza jasotzen dituen bi CD kaleratu ditu Elkar argitaletxeak. Trikitilariak zituen kasete zaharrak digitalizatu, txukundu eta kaleratzeko moduan jarri dituzte. Aurkezpenean parte hartuko dute Aritz Garmendia Trikigiroko presidenteak, Angel Valdes Elkar argitaletxeko ordezkariak, Jose Luis Garmendia Laja zenaren semeak eta Ana Azkoitia alkateak.

Aurkezpen horren aurretik, baina, erakusketa aretoa bera zabalduko dute; izan ere, Urola Erdiko erromeria lekuak oinarri dituen erakusketa aurkeztuko dute gaur, 18:30ean. Ordea, zapatuan eta igandean ere zabalik izango da herriko plazan dagoen aretoa; larunbatean, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara zabalduko dute, eta igandean, 12:00etatik 14:00etara. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide