Jokin Aranbarrik ez du Athleticen jarraituko

Andoni Elduaien 2026ko maiatzaren 28a

Jokin Aranbarri, Bilbao Athleticen partida bat zuzentzen. (Athletic)

Azkoitiarra Athleticen bigarren taldeko entrenatzailea izan da azken bi denboraldietan. Klubak nabarmendu du Aranbarrik "ekarpen nabarmena" egin duela klubeko jokalari gazteen garapenean.

Jokin Aranbarrik Bilbao Athleticeko entrenatzailea izateari utzi dio. Azkoitiarrak azken bi denboraldietan zuzendu du Athleticen bigarren taldea, 2024ko udan Eibarren bigarren taldetik fitxatu eta gero. Athleticek gaur eman du berria, eta nabarmendu du azkoitiarrak "jokalari gazteen garapenean ekarpen nabarmena" egin duela.

Futbol entrenatzaile azkoitiarraren aginduetara egon diren zenbait jokalarik Athleticekin debuta egin dute, besteak beste, Canalesek, Regok, Bujanek, Ibon Sanchezek, Hierrok, Seltonek, Eder Garciak eta Monrealek. Era berean, klubak azaldu du futbol profesionalean "urratsak" eman dituztela beste hainbatek Aranbarriren eskutik.

Bilbao Athletic zazpigarren postuan sailkatu zen Aranbarriren estreinako denboraldian (54 puntu) eta hamahirugarren postuan amaitu du azken denboraldia (49 puntu). Athleticek eskerrak eman dizkio azkoitiarrari klubean egon den bi urteetan erakutsi duen "konpromisoagatik eta dedikazioagatik", eta "zorterik onena" opa nahi izan dio etorkizun pertsonalerako zein profesionalerako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide