NA eta pasaportea ateratzeko nahiz berritzeko Espainiako Poliziaren unitate mugikorrak herritarren artean duen "harrera ona" ikusita, zerbitzua zabaltzeko eskatu du Azkoitiko PSE-EE alderdiak. Azkoitiko Udalak joan zen astean jakinarazi zuen zerbitzuaren maiztasuna areagotuko duela eta aurrerantzean hilero izango dela bi agiri horien kudeaketak egiteko aukera herrian; baina PSE-EEk are gehiago indartzea nahi du, eta hamabostean behin eskaintzean proposatu du, "eskaeren gorakadari" erantzuteko eta "beharrezkoak ez diren joan-etorriak" saihesteko.
Janire Igoa Azkoitiko PSE-EEko bozeramaileak azaldu duenez, herritarrek erakutsitako "interesak" argi erakusten du "herritarrek asko eskatzen duten beharrezko zerbitzua" dela hori, eta azpimarratu du Poliziaren unitate mugikor horrek batez ere adineko pertsonei edota mugitzeko zailtasunak zein baliabide gutxiago dituztenei "izugarri" errazten diela oinarrizko izapide administratiboak egitea, beste herri batzuetara joatea saihesten duelako eta irisgarritasuna hobetzen duelako.
Igoaren ustez, bestalde, zerbitzua hilero eskaintzea ez da nahikoa egungo "eskaera handiari" erantzuteko, eta horregatik galdegin du indartzea. "Gure ustez, neurri honek Azkoitiko bizilagunek jasotzen duten arreta erraztu eta hobetuko luke, itxaronaldiak hobetuz eta baliabide hori udalerritik atera gabe pertsona gehiagok eskuratzea erraztuz". Hain zuzen, Azkoitiko Udal Gobernuari eskatu dio zerbitzua zabaltzea azter dezala, herritarren "benetako beharretara" egokitu dadin. Izan ere, zerbitzua "funtzionala" denean eta herritarrek hori "hain modu positiboan" erabiltzen dutenean, erakundeek hori "indartzeko eta eskarira egokitzeko erantzukizuna" dutela berretsi du hark.