Askotariko ekintzekin ospatuko dituzte mendekosteak Martirietan

Andoni Elduaien 2026ko maiatzaren 21a

Hainbat haur, iaz, jolasean. (Utzitakoa)

Mus txapelketa jokatuta hasiko dituzte bihar festak Martirietan. Zapatuan, bestalde, trikipoteoa eta bertso afaria egingo dituzte, eta igandean, egun osoko jaia. Meza, hamaiketakoa, pilota partidak, bazkaria, umeentzako jolasak eta merienda izango dira jaien azken egunean.

Mendekoste jaietan murgilduko dira Martirieta auzoan bihartik aurrera. Igandera bitarteko egitaraua prestatu dute auzotarrek, eta hara joaten direnek askotariko ekintzekin gozatu ahal izango dute. Nola ez, Martirietan ez da ez bertsorik, ez trikiti doinurik faltako.

Bihar, ostirala, mus txapelketa azkarra jokatuko dute auzoan bertan. Izen ematea txapelketari ekin aurretik egin beharko da, 21:00-21:45 bitartean, bikoteko 30 euro ordainduta. 22:00etan hasiko dute txapelketa, eta lau erregetara nahiz lau usteletara arituko dira jokalariak. Bikote txapeldunak 500 euro eta txapelak irabaziko ditu; bigarrenak 250 euro jasoko ditu; hirugarrenak 150 euro; eta, laugarrenak bi ardo botila eta bi txuleta.

Dena den, jaiak zapatuko 19:00etan hasiko dituzte ofizialki, orduan botako dute-eta festarako suziria. Segidan, trikipoteoa egingo dute, Garixe eta Trino trikitilariek lagunduta; 21:30era arte ibiliko dira poteoan, ordu horretan hasiko dute-eta bertso afaria. Maddi Agirre, Eneritz Artetxe, Aratz Igartzabal eta Ibai Urdangarin arituko dira bertsotan. Urdaiazpikoa, entsalada errusiarra, oilaskoa zein txuleta letxugarekin, postrea, kafea, kopa eta edariak eskainiko dituzte afaltzeko, 45 euroren truke. 

Igandean, berriz, egun guztian zehar izango da festarako aitzakia Martirietan. 10:00etan meza nagusia egingo dute Emeterio eta Zeledonio martirien ermitan, eta elizkizuna amaitzen denean, hamaiketakoa eskainiko dute Martitteko Bentan. 12:00etan, umeen pilota partidak jokatuko dituzte auzoko frontoian, eta 14:00etan bazkaria egingo dute. Igandeko bazkarian honako menu hau eskainiko dute, 35 euroren truke: paella, entsalada mistoa, oilaskoa, txuleta, postrea, kafea, kopa eta edaria. Arratsaldean, ostera, umeentzako jolasek hartuko dute auzoko plaza, 17:00etan hasita, eta amaitutakoan haientzako merienda batekin amaituko dituzte festak. Gainera, egun guztian zehar ibiliko dira trikitilariak auzoan.

Zapatuko bertso afarira edota igandeko bazkarira joan nahi duenak erreserba egin beharko du aldez aurretik, 638 42 71 68 telefono zenbakira deituta.

Autobusa aukeran

Herrigunetik auzora igotzeko eta handik jaisteko autobus zerbitzua eskainiko dute aurten ere: zapatuan, 19:30ean abiatuko da autobusa San Martin kaleko geltokitik Martirietara, eta handik jaisteko autobusa, berriz, 03:00etan izango da. 

Igandean, bestalde, 11:00etan eta 16:30ean irtengo da autobusa herrigunetik auzora, eta handik itzuli nahi duenak 14:00etan eta 19:00etan izango du aukera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide