Hainbat antzezlan eskainiko dituzte egunotan Azkoitia BHIkoek eta Xabier Munibe ikastolakoek

Andoni Elduaien 2026ko maiatzaren 20a

Azkoitia BHIko zenbait ikasle, iaz, Baztartxoko oholtzan. (Andoni Elduaien)

Azkoitia BHIkoek Zugarramurdiko sorginak? antzezlana eskainiko dute bihar goizez eta arratsaldez. Aldiz, Xabier Munibe ikastolako ikasleek bost obra eskainiko dituzte zapatu goizean, 33. Antzerki Topaketen barruan. Bi ikastetxetakoen emanaldiak Baztartxon izango dira. 

Azkoitia BHI ikastetxeko eta Xabier Munibe ikastolako ikasleek hainbat antzezlan eskainiko dituzte datozen egunetan, Baztartxo antzokian. Bihar, osteguna, Azkoitia BHIko DBH 1. mailako ikasleen txanda izango da, eta zapatu goizean, Xabier Munibekoena.

Azkoitia BHIkoek, iaz bezala, Zugarramurdiko sorginak? antzezlana taularatuko dute. Hango ikasleek Sugarretan harrapaturik proiektua landu dute beste urte batez, XVII. mendean Zugarramurdiko sorginekin jazotako historia oinarri duena. Proiektu horren barruan, eta hura borobiltzeko, antzezlana eskainiko dute bihar. Bi saiotan arituko dira ikasleak oholtza gainean: goizeko saioa 10:30ean hasiko da, eta arratsaldekoa, 15:15ean. Nolanahi ere, bi saioetarako sarrera doakoa izango da. 

Datorren zapatuan, berriz, Xabier Munibe ikastolakoen txanda izango da. Ikastetxe horretako ikasleek 33. Antzerki Topaketen barruan aukeztuko dituzte antzezlanak, Baztartxon (11:00). Guztira, bost obra eskainiko dituzte antzerkiko eskolak jasotzen ari diren LH 1 eta LH 6 mailen arteko 52 ikaslek: Musika aldatu zuen jaialdia, Ez gara mugituko, Lurra zaintzen, Urte berriko ezustekoa eta Naikariren ametsak

Xabier Munibe ikastolako ikasleek ikasturte hasieratik ona bitartean prestatu dituzten lanak taularatuko dituzte Baztartxon. Hain justu, oholtza gainera igoko diren bost taldeetako ordezkariek beraiek hautatu eta asmatu dituzte obrak ontzeko gaiak, eta larunbatean, ordutik hona ikasitakoa eta landutakoa erakusteko aukera izango dute. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide