Palestinari abestu diote; Israeli, oihukatu

Ane Olaizola 2026ko maiatzaren 15a

Gaur, Palestinaren Nakba edo hondamendiaren egunean, Anarik kontzertua eskaini du Portaleburun, eta aurretik, elkarretaratzea egin dute dozenaka lagunek plazan. Irmo adierazi dute "behar beste" salatuko dutela Israelen "bihotz gabeko gerra politika sionista eta genozida", baita harekin bat egiten dutenen konplizitatea ere.

Atzo 78 urte bete ziren Israelgo Estatuak bere independentzia aitortu zuela, eta ondorioz, gaur Nakba eguna da Palestinan, beste horrenbeste urte igaro baitira judu sionistek ehunka mila palestinar beren bizitokietatik kanporatu zituztenetik. Haien exodoa adierazten duen hondamendi egun hura gogoan —hala esan nahi du Nakbak arabiarrez—, Azkoititik ere elkartasun keinua egin nahi izan diote Palestinari, Israeli bizkarra ematearekin batera. 

Palestinaren Aldeko Astearen barruan, askotariko ekintzak prestatu dituzte egunotan hainbat herritarrek, eta gaur arratsaldean, Anarik kontzertu akustiko bat eskaini du Portaleburun. Dozenaka lagun elkartu dira astelehenetik zabalik den Gernika-Palestinaren erakusketako panelen eta irudien artean, eta mokadutxoa eginez, herrialde horri abestu diote.  

Horren ondotik egitekoak ziren elkarretaratzea kantaldiaren aurretik egin dute azkenean, eta han herritar ugarik egin dute mobilizazio horrekin bat. Israeli oihu egin diote orduan, ozen: palestinar herriaren borroka "justizia unibertsalen" aldeko borroka dela, eta "genozidio ororen" aurkako borroka, berriz, "giza eta herrien eskubideen" aldekoa dela sinetsita, palestinarrek duten "eskubide legitimoekin" bat eginez irmo adierazi dute "behar beste" salatuko dutela Israelen "bihotz gabeko gerra politika sionista eta genozida", baita harekin bat egiten dutenen konplizitatea ere. Azpimarratu dute ez dutela onartuko Palestinaren aitortza eta Israelen okupazioaren amaiera ez den beste irtenbiderik.

Boikoterako deia

Gogora ekarri dute duela ia zortzi hamarkada 700.000 palestinar baino gehiago beren etxeetatik eta lurretatik egotzi zituela, eta gaur egun, palestinar haien ondorengoek egoera berean jarraitzen dutela, "sionisten okupazioari, dronei, bonbei eta erasoei ihesi". Izan ere, azpimarratu dute "sarraskiak" gaurdaino jarraitu duela, eta azken urteetan Israel Gazan zein Zisjordanian, bietan, egiten ari den genozidioa "berbera" dela, azken horren aurkako errepresioa "sotilagoa" izanagatik. "Israelgo Estatuaren sorrerarekin hasi zenaren jarraipena besterik ez da", ohartarazi dute.

Are, deitzaileen ustez, Israelek azken hilabeteetan "ingurune osora" zabaldu du bere erasoaldia AEBen "babes militar eta diplomatikoarekin", gaur egun "gerra hotsak" baitaude Iranen zein Libanon ere. "Inperialismo hotsak nagusi Ekialde Hurbilean. Helburuak argiak dira: baliabide ekonomikoen ustiapena, merkatu berriak kontrolatzea eta botere politiko eta militarra handitzea". Hau da, "gutxi batzuen interesagatik herri osoa sarraskituta" dagoela salatu dute. 

Nazioartean Palestinaren alde borrokan ari direnekin gogoratuta, antolatzaileek adierazi dute norbanakoen esku ere badagoela "sarraskia" gelditzea eta horretarako norberak bere alea jartzea. Hain zuzen, Hegoafrikako apartheidaren aurkako boikot kanpainak izan zuen indarra jarri dute adibidetzat, eta bide horretan, Israeli ere boikota egitera dei egin die herritarrei. "Boikota Israelgo produktuei, boikota enpresei, erakunde ezberdinei, harreman diplomatikoei, kultur eragileei, abeslariei, idazleei, kirolariei… Ikus dezatela ez dugula onartzen egiten ari diren sarraskia".  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide