Azkoitiko Matadeixen udaberriko Bebarruko Jardunetan murgilduko dira maiatzean, aurreko hilean Ramona's First Evil Boyfriend taldeak egitaraua ireki ostean, datozen asteetan egitasmoaren barruko askotariko kultur saioak izango baitira hango aretoan, Matadero Ekintzak taldearen eskutik.
Aurtengoan, musika eta antzerkia eskutik eskura joango dira Bebarruko Jardunetan, eta kontzertu adina antzezlanez gozatzeko aukera izango dute han elkartzen direnek. Datorren igandean izango da lehenengo antzerki emanaldia (20:00): Infinitu Drama konpainiaren Adarbakarra. Garazi Navas eta Maite Aizpurua dira obraren sortzaileak eta interpreteak, eta antzezlanean, trobalari eta soinujole baten rolean aurrez aurre jarriko dira, zeregin bat baitute elkarrekin: zuloz betetako ipuin bat kontatzea. Umorea, musika eta poesia uztartuta, "fantasia eta gordintasunezko bidaia bat" eskaintzen dizkiete publikoari.
Hilaren 29an, berriz, musikak hartuko dio lekukoa antzerkiari, eta Pons zein Ruider4 taldeek kontzertu bana eskainiko dute Matadeixen, 22:00etatik aurrera. New Yorketik (AEB) iritsitako bikotea da Pons, Jack Parker abeslariak eta Mike Cataldo bateria jotzaileak osatzen dutena. Azkoitian izango dira Europan barrena egiten ari den biraren barruan, eta energiaz betetako kontzertua eskainiko dute rocka, popa, trapa, punka eta elektronika uztartuta. Bestalde,arte garaikidearen eta soinu unibertsoaren arteko bilketak aztertzen dituen elkarlaneko eta diziplinarteko proiektua da Ruider4. Lau artistek osatzen osatzen dute taldea: Jana Jan, Genoveva Ferrocide, Garazi Gorostiaga eta Myriam Rzm, eta inprobisazioa zein esperimentazioa dute oinarri haien musika sorkuntzan.
Hilaren 31n izango dira Bebarruko Jardunen azken saioak, eta antzezlan zein kontzertu banak hartuko du hango aretoa: batetik, La fiesta fiesta antzezlana taularatuko dute Javier Barandiaran eta Ainhoa Alberdik. Ondoren, gainera, Alberdik berak Ixa Bella Piztia dantza eta performance saioa eskainiko du, eta modu horretara itxiko dute aurtengo Bebarruko Jardunen aldia.
Berangoko auzia, Matadeira
Bebarruko Jardunetatik kanpo ere izango da bestelako ekintzarik Matadeixen datozen egunetan. Bihar bertan, esaterako, eskubide zibil eta politikoen defentsarako hitzaldi bat izango da. Izan ere, datorren hilean Berangoko (Bizkaia) 16 herritar epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean, 2022an hango euskal preso ohi bati ongietorria egiteagatik "terrorismo goraipatzea" egotzita, eta auzipetuetako bik, Martin Etxegaraik eta Goiuri Alberdik, auzia azalduko dute Azkoitian, Euskal Herriko beste hainbat herritan egin duten moduan.
Alberdiren hitzetan, beraien kontrako auzia ez da presoei egiten zaizkien "ongietorrien kontrakoa", baizik eta "oinarrizko eskubide zibil eta politikoen" aurkakoa, eta hori azpimarratuko dute auzipetuek biharko solasaldian. "Ongietorri hura antolatzen ibili ginen hiru lagun Auzitegi Nazionalera deitu gintuzten deklaratzera, baina bezperan, Guardia Zibilaren txosten batean agertu zen Polizia eragile politiko desberdinak jarraitzen ari zela. Hori ikusi zen gurea ez zela ongietorri baten aurkako auzia, baizik eta erakundeetatik kanpo Euskal Herriaren alde ari diren eragile desberdinen aurkako erasoa dela".
Ekainaren 8tik 26ra bitartean egingo dute "makroepaiketa politikoa" Madrilgo Auzitegi Nazionalean, eta fiskalaren zigor eskaerak, denera, honakoak dira 16 auzipetuentzat: 37 urteko kartzela zigorra, 171 urteko inhabilitazioa eta 76.000 euroko isuna. Ildo horretan, auzipetuak azpimarratu du oraindik orain "errepresio kasu ugarik" jarraitzen dutela egoten Euskal Herrian, eta beraiena horren adibide bat besterik ez dela. "Gurea makrosumario bat da eta espetxeratzeko arrisku handia dago; gainera, auzipetuetako erdiak preso ohiak dira. Baina gurea ez da kasu isolatua, Euskal Herrian, gazte pila bat baitaude isun ekonomiko handiekin; itotzen ari dira gazteria".
Hitzaldien asmoetako bat da auzipetuek epaiketara begira izango duten jarrera azaltzea, eta ezinbestekotzat jotzen dute herritarren babesa lortzea. Horretarako, Berangokoen aldeko Elkartasun Taldeak deituta, hilaren 31n nazio mailako manifestazioa egingo dute udalerri horretan auzipetuen amnistia eskatzeko, eta harako deia ere egingo dute biharko hitzaldian.