Haurrak eskolara oinez joatea xede duen Eskolara Oinez egitasmoa jarri dute abian

Andoni Elduaien 2026ko maiatzaren 4a

Haurrak Floreaga ikastetxera bidean oinez. (Guka)

Haurrak herriko eskoletara oinez taldean joan daitezen, herrian zehar sakabanatutako sei irteera puntu eta ordu zehaztu dituzte udalak eta ikastetxeek elkarlanean. Hilaren 12an, asteartez, proiektua azaltzeko bilera egingo dute Elkargunean. 

Herriko umeak eskolara oinez joatea xede duen Eskolara Oinez izeneko egitasmoa jarri du abian udalak, Floreaga Ikastetxearekin eta Xabier Munibe ikastolarekin lankidetzan. Haur Hezkuntzako edota Lehen Hezkuntzako  haurrei zuzendutako egitasmoa da, erakundeak Eskolako Agenda 2030 programaren barruan kokatu duena.

Udalak azaldu duenez, proiektu honen helburua da herrian "mugikortasuna hobetzea" eta Azkoitia familientzako leku "osasungarriagoa", "seguruagoa" eta "atseginagoa" izatea. Hori hala, eskoletara oinez joateko irteera puntuak eta ordutegiak zehaztu dituzte horretarako seinaleztatuko dituzten geralekuetan. Hain justu, sei irteera puntu zehaztu dituzte: Altzibarko Anaitasuna plaza, Txalonerreka, Floreaga auzoko parkea, Santa Klara kalea, Altamira auzoa eta Trenbidearen Zumardia kalea. Ordea, guztira, lau ibilbide izango dira –bakoitzak kolore bat du–, eta hori horrela izanik, sei puntu horiek bat egingo dute zenbait kasutan. Esaterako, Altamiratik eta Trenbidearen Zumardia kaletik abiatutako taldeak liburutegiaren parean egingo du bat. 

Honako hau da egitasmoaren mapa. (Udala)

Eskoletarako bidea, ordea, ez dute bakarrik egingo umeek. Haien segurtasuna bermatzeko, txaleko identifikatzaileak soinean jantzita eramango dituzten guraso boluntarioen laguntza izango dute ibilbidean zehar. "Egitasmoak funtziona dezan, ikastetxe bakoitzean familia boluntarioen talde txiki bat osatu beharko da, txandak antolatzeaz, gorabeherak kudeatzeaz edo hobekuntzak proposatzeaz arduratuko dena", adierazi du udalak. 

Egitasmoa mugikortasun jasangarriaren aldeko keinu bat ere bada; izan ere, udalak nabarmendu du auto pribatua ibilbide laburretarako erabiltzeak "kutsadura", "zarata" eta "auto ilarak" eragiten dituela. Halaber, haurren jarduera fisikoa murrizten dela ere gogorarazi du erakundeak. "Onurak dakartza 'oinezkoen autobusa' deituriko taldeak, hala nola osasuna eta forma fisikoa hobetzen laguntzen duelako, umeen autonomia nahiz erantzukizuna sustatzen dituelako eta beren arteko harremana indartzen duelako".

Bilera, hilaren 12an

Eskolara Oinez egitasmoa aurkezteko, haurren gurasoei nahiz haien tutoreei zuzendutako informazio bilera egingo du udalak hurrengo asteartean, maiatzaren 12an, Elkarguneko Oteiza aretoan. Egitasmoari buruzko xehetasun guztiak emango dituzte orduan, 18:30ean hasita. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide