Auzoko jaiak ospatuko dituzte Floreagan eta Santa Kutzen

Andoni Elduaien 2026ko apirilaren 29a

Gurutzeko krosa 42. aldiz egingo dute etzi Floreagan. (Maddi Txintxurreta)

Floreagan, haurrentzako ekintzak, auzo bazkaria eta erromeria egingo dituzte etzi, ostirala. Santa Kutzen, berriz, zapatuan eta igandean ospatuko dituzte auzoko jaiak, hurrenez hurren, erromeria eta meza eginda.

Maiatzaren 3a Santa Kutz eguna izango da, eta egun horren bueltan, auzoko festak ospatuko dituzte Azkoitiko Floreagan eta Santa Kutzen. Floreagan etzi, ostirala, izango dute egun handia, eta Santa Kutz auzoan, zapatuan zein igandean. 

Floreagan, haurrentzako ekintzak izango dituzte ospakizun, gehienbat. 11:00etan, 42. Gurutzetxoko Krosarekin hasiko dute eguna. Proba horretan parte hartzeko, ohi bezala, egunean bertan eman beharko da izena auzoko tabernan, 09:30etik 10:45era bitartean. Lasterketa kontuak atzean utzita, 13:30etik aurrera auzo bazkaria egingo dute. Aurten, norberak eraman beharko du bere jana bazkarira, eta festen antolatzaileek egokituko diete parte hartzaileei lekua.

Arratsaldean ere izango dira ekintzak Floreagan, horiek guztiak haurrei lotutakoak. 15:00etan hasita, Atracciones Sanzekoek puzgarriak eta apar festarako gunea jarriko dituzte auzoan, eta 18:00etan, auzoko kaleetan zehar buruhandiak ibiliko dira haurren atzetik antxintxika. Auzoko jai eguna agurtzeko, 20:30ean, Aliritzi musika taldearen erromeria izango da umeen parte hartzearekin. 

Santa Kutzen, bi egunetan

Santa Kutzen, berriz, bi egunetan izango dira auzoko zaindariaren eguna ospatzeko ekintzak. Zapatuan, Laja eta Lutxurdio trikitilarien erromeria izango da Laja jatetxean 22:30ean hasita, eta igandean, Gurutze Santuaren goratzea ospatzeko meza egingo du Azkoitiko parrokiak, auzoko komentuan, 11:00etan. Komentuko lekaimeek dei berezia egin diete herritarrei, igandeko elizkizunean parte hartzera gonbidatuz.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide