Eraberritze lanak amaituta, zabalik da berriro Azkoitiko Garbigunea

Andoni Elduaien 2026ko apirilaren 28a

545.000 euroko aurrekontua izan dute lanek. Azaroaren amaieran hasi zituzten obrak, eta bihar, asteazkena, zabalduko dute normaltasunez. Guztira, 21 frakzio gune izango ditu eremu berriak, eta etxeetako bolumen handiko nahiz ertaineko hondakinak Garbigunera eramateko deia egin dute erakundeetako ordezkariek.

Bost hilabete eta erdiren ondoren, zabalik da berriro Azkoitiko Garbigunea. Urola Erdiko Mankomunitateko eta Azkoitiko Udaleko ordezkariek gaur, asteartea, aurkeztu dute hondakinak behar bezala sailkatzeko berritu duten gunea; Ana Azkoitia Azkoitiko alkateak, Joanes Amenabar Urola Erdiko Mankomunitateko presidenteak eta Garbigunearen bueltako bestelako ordezkariek parte hartu dute aurkezpenean.

Azaroaren amaieran hasi zituzten Garbigunea zaharberritzeko lanak, eta guztira, 545.000 euroko aurrekontua izan dute. Eraberritze proiektua Urola Erdiko Mankomunitateak berak gauzatu badu ere, Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasuna sailaren zein Europako Next Generation funtsen laguntza jaso du. Hain justu, aurrekontuaren %56 finantzatu du Jaurlaritzak, 308.700 euro bideratuta.

Hainbat lan egin dituzte azken hilabeteetan Garbigunean, eta Amenabarrek eman ditu horiei buruzko xehetasun guztiak. Batetik, Garbigunearen eremua bera handitu dute; %25 zabaldu dute gunea, eta aurrerantzean, 1.500 metro koadro eskas izango ditu. Eremua zabalduta, gainera, igotzeko nahiz jaisteko arranpak txertatu dituzte gunearen bi alboetan, herritarren "sartu-irtena errazteko" xedez. Eremuaren atzeko aldean, berriz, hondakin arriskutsuak eta aparatu elektronikoak gordetzeko estalpea bikoiztu egin dute. Horri lotuta, halaber, estalpean izan daitezkeen isuriak 2.000 litroko depositu batera bideratzeko kanalizazioa egin dute, isuriak errekara edo beste nonbaitera bideratzea ekiditeko. Euri uren kanalizazioa ere berritu dute, eta hala, euri ur garbiak errekara isuri ahal izango dira.

Bestalde, hondakinak pisatzeko baskula jarri dute Garbigunearen sarreran, gunearen erdi-erdian, eremura sartzen edota handik ateratzen den hondakinen kopurua pisuz kontrolatzeko. Segurtasunari dagokionez, berriz, perimetroko sarea eta babesa hobetu dituzte, itxitura edo hesi berria jarrita. Bide batez, kamerak eta langak ere gehitu dituzte eremurako sarreran, herritarren sartu-irtenak gainbegiratzeko. 

Azkoitiko Garbiguneak 15.000 erabiltzaile jaso ohi ditu urtean batez beste, eta horiek askotariko hondakinak uzteko aukera izango dute han, bihartik aurrera. Guztira, 21 frakzio gune izango dira han etxeko hondakinak uzteko. Bolumen handiko hondakinei dagokienez, egurra, txatarra, obra-hondakinak, tamaina handiko bestelako hondakinak edota pneumatikoak utzi ahal izango dituzte herritarrek. Bolumen ertaineko hondakinei dagokienez, berriz, igeltsua, plastikoa edota kristala eraman ahalko dira. Hondakin horiek guztiak jaso eta gero, "ahalik eta gehien birziklatzea" da Mankomunitateak duen helburua, eta ondo dauden hondakinen kasuan, "irteera berri bat" ematea. 

Erabiltzeko deia

1998. urtean ireki zuten Garbigunea Azkoitian. Herriko alkateak adierazi du Garbiguneak "beharrezkoa" zuela birmoldaketa, ireki zutenetik gaur egun arte bertan "lan gutxi" egin baita: "Garbigunea zabalik dugu berriro, eta gainera, berrituta irekitzen dugu. Zabaldu zen urtetik hona ez zaio gauza handirik egin Garbiguneari, eta orain, behar-beharrezkoa zuen birmoldaketa egin diogu, beharrezkoak baititugu egun hondakinak ahalik eta ondoen sailkatzeko azpiegiturak".

Proiektua gauza zedin erakundeek eman duten diru laguntza eskertu du alkateak. Zehazki, Urola Erdiko Mankomunitatearen lana eskertu du, "begirada Azkoitiko Garbigunean" jartzeagatik eta hura berritzeagatik. "Urratsak egiten jarraitu behar dugu hondakinen sailkapenari dagokionez, baina erakundeok ezin dugu guztia herritarren eta enpresen esku utzi. Erakundeon lana da azpiegiturak egokitzea, sentsibilizazio kanpainak egitea eta herrien arteko koordinazio lan txukuna egitea. Kalitatezko zerbitzua eskaintzea da helburua", adierazi du Azkoitiak.

Alkateak gaineratu du "lan handia" egin dela ingurumenaren alorrean, baina oraindik ere "asko" dagoela egiteko. Horri lotuta, alkateak azpimarratu du Azkoitian "oso-oso ohikoa" dela hondakinak jasotzen diren zenbait puntutan bolumen handiko hondakinak aurkitzea, eta herritarrek hori ekidin dezaten, mezu bat igorri nahi izan die haiei: "Bolumen handiko hondakinak jasotzeko zerbitzu erosoa dugu herrian. Telefono bidez Emausi deitu, eta etxeraino etortzen dira hondakinak jasotzera. Bestela, hondakinak dagozkien edukiontzietara botatzea edota Garbigunera ekartzea da bidea".

Ingurumenaren aldeko kontakizuna "nahiko orokorra" da Azkoitiaren esanetan, baina haratago jotzeko garaia heldu dela adierazi du hark. "Ingurumenaren krisialdia ahoz aho darabilkigu, baina ingurumenaren aldeko defentsa txikitik hasi behar dugu, norbanako bakoitzak egin dezakeen ekarpenetik. Erantzukizun kolektiboek, askotan, izaten dute nolabaiteko arrisku bat; alegia, guztioi eragiten digun kontua izanik, ardura inorena ez izatearen arriskua. Hortik ateratzeko eta bakoitzak berari dagokion ardurari eusteko eskatu nahi dut, hala errazago lortuko dugu-eta erronka kolektibo honi aurre egitera".

Bihartik, zabalik

Azkoitiko Garbigunea bihar, asteazkena, zabalduko dute normaltasunez. Gaur arratsaldean jarriko dituzte gunean beharrezkoak izango dituzten edukiontziak, eta bihar 09:00etatik aurrera izango da irekita herritarrentzat. Astelehenetik ostiralera eta larunbat goizetan zabalduko dute Garbigunea, ohiko ordutegian. Astegunetan, 09:00etatik 13:00etara nahiz 15:00etatik 18:00etara egongo da irekita, eta larunbatetan, 10:00etatik 13:00etara bitartean. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide