Iker Epelde palista, Gipuzkoako txapeldun

Andoni Elduaien 2026ko apirilaren 27a

Epelde, txapela buruan duela. (Oteiza)

Epelde palistak buruz buruko txapelketa irabazi zuen atzo Gurea pilotalekuan, Beotibar taldeko Odei Arregiri 25-14 irabazita. Jon Arregik eta Lur Juaristik, berriz, Baztango Udaberri Txapelketa irabazi dute.

Oteiza pilota elkarteko Iker Epelde palistak Ezker Hormako Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketa irabazi zuen atzo, igandea, Azkoitiko Gurea pilotalekuan. Palista azkoitiarra 25-14 nagusitu zen Beotibar elkarteko Odei Arregiren aurka, buruz buru jokatutako lehian. 

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren (GEPF) Ezker Hormako Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketaren barruko gomazko paletako buruz buruko finalak hartu zituen atzo, igandea, Gureak. Guztira, bi final jokatu zituzten, eta nagusien lehen mailako txapela jantzi zuen azkoitiarrak.

Arregi eta Juaristi, txapeldun

Bestalde, Jon Arregik eta Lur Juaristik Baztango (Nafarroa) Udaberri Txapelketako txapela jantzi zuten atzo, igandea. Elizondon (Nafarroa) jokatu zituzten Oteizako bi pilotariek finalak. Arregik, gazte mailako finala irabazi zuen Txukun Lakuako Arroizekin batera; Azpeitiko Arsuaga eta Larraungo Oreja bikotea menderatu zuten haiek, 22-19 irabazita. Kimuen mailako finalean, berriz, 18-11 nagusitu zen Juaristi Ordiziako Alberdirekin batera; haiek Iruritako Agerralde- Etxenike bikotearen aurka jokatu zuten finala.

Arregi, ezkerrean, eta Juaristi, eskuinean. (Oteiza)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide