Omenaldi beroa jaso du Felix Azurmendi erretoreak, bere apaizgoaren 50. urteurrenean

Andoni Elduaien 2026ko apirilaren 27a

Azurmendiri esker ona erakusteko eukaristia egin zuten 11:00etan parrokian. Sahatsak dantza taldekoek, alkateak eta parrokiako zenbait kidek aurreskua eskaini zioten ataria. Gero, lagunarteko bazkaria egin zuten Joseba jatetxean.

Felix Azurmendi Azkoitiko erretoreak omenaldi beroa jaso zuen atzo, igandea, Azkoitian. Apaizgoan 50 urte bete dituela eta, Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundeko parrokiak haren ibilbidea azpimarratzeko jaia egin zuen. Zehazki, urtarrilaren 18an bete zuen erretoreak mende erdia zeregin horretan, eta egun hartan bezala, atzo ere ospakizun borobila egin zuten.

Pazkoaldiko laugarren igandea izan zen atzo, eta Artzain Onaren jaia ospatu zuen Elizak. Egun hori baliatuta, Andre Mariaren Jasokundeko parrokian meza nagusi berezia egin zuten 11:00etan hasita, eta jendetza bildu zen Azurmendiri eskainitako esker oneko eukaristia entzutera. Ordea, omenaldirik beroena parrokia atarian jaso zuen erretoreak; izan ere, Sahatsa dantza taldekoek, Ana Azkoitia alkateak eta parrokiako pastoralgileek, gurasoek zein haurrek aurreskua eskaini zieten hari. 

Sahatsakoek ezusteko oparia eskaini zioten Azurmendiri. Duela 50 urte sortu zen dantza talde hori Urrestillan, eta garai hartan, hain justu, Urrestillako San Joan Bataiatzailearen parrokiako apaiza zen Azurmendi. Haren bitartekaritzari esker hasi ziren Trintxerpeko (Gipuzkoa) zenbait dantza irakasle Urrestillara joan-etorrian, Sahatsa dantza taldearen bueltan elkartu ziren bailarako dantzari gazteei lehen urratsak irakasteko asmoz. Hori hala, Azurmendik 1976. urte hartan Sahatsakoei eskaini zien laguntza eskertu nahi izan zuten dantza taldearen bueltan aritutako belaunaldi desberdinetako kideek. Apaizak hunkituta jaso zuen dantza taldekoek egin zien keinua. 

Lagunarteko bazkari jendetsua

Meza nagusiaren ondoren, Joseba jatetxean 170 lagun inguru elkartu ziren bazkaltzeko. Herriko eta inguruko zenbait elkartetako kideak batu ziren otorduan, eta guztiek beren esker ona erakutsi zieten Azurmendiri. Horren erakusgarri, besteak beste, jaso zituen opariak. Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundeko parrokiako pastoralgileek eta Itziarko elkartekoek oroigarri bana eman zieten erretoreari. Giro onean igaro zuten arratsaldea guztiek. 

Azkoitia Gukak martxoko aldizkarirako elkarrizketatu zuen Azurmendi, apaizgoan 50 urte bete zituela aitzakia hartuta. Honako lotura honetan irakur daiteke elkarrizketa hori. 

(Argazkiak: Andoni Elduaien eta Azkoitiko Parrokia)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide