Maxixatzen euskara elkarteak 30 urte bete ditu aurten, eta urtemuga hori ospatzeko ekitaldia egin dute gaur, larunbata, Azkoitiko Kontzejupean. Bizkargi musika eskolako pandero jotzaileek zabaldu dute ekitaldia, eta haien atzetik, Txalkorreko dultzaineroak izan dira Kontzejupea musikaz alaitu dutenak.
Horien ostean, Maxixatzen elkarteko Idoia Alberdik hartu du hitza, eta gogoratu du nola jaio zen euskara elkartearen "proiektu txikia" duela hiru hamarkada. "Harrokeriarik gabe, baina harrotasunez esan dezakegu herritik eta herriarentzat abian jarritako herri komunikabidearekin eta antolatutako dozenaka eta dozenaka ekintzarekin, arnasa ematen ari garela euskararen komunitateari; hori sinetsita ari gara lanean", esan du. Adierazi du orain arte egindako bideak "merezi" izan duela: "Bejondeigula Maxixatzeneko komunitate zabal eta askotariko honetan ale txiki bat jarri dugun guzti-guztioi". Nabarmendu du horretarako bildu direla gaur, egindakoa aitortzeko eta eskerrak emateko sarea osatu duten guztiei: "Izan bazkide, irakurle, kolaboratzaile, banatzaile, iragarle, babesle... eskerrik asko guztioi, denon ahaleginak egin duelako posible hau". Gaurkoa ospatzeko eguna dela azpimarratu du: "Ospa dezagun egindakoa, haizea kontra izanda ere, euskarak behar dituelako igurtzi goxo hauek".
Jarraian, Sahatsa dantza taldeko dantzariek aurresku bat eskaini diote Azkoitiko euskaltzaleen komunitate osoari, eta horren ostean, hiru belaunalditako herritarrak elkartu dira oholtzan: Fernando Aranbarri, Mari Jose Alberdi, Andoni Elduaien, Jaione Irizar, Amaia Garate eta Oier Salegi, hain zuzen ere. Egia osteko maxixatzea testua irakurri dute denen artean, Idoia Alberdiren arabera, "Maxixatzen ezer bada, belaunaldi ezberdinak harilkatu dituen hari mataza koloretsua delako".
Atzera begira, aurrera egiteko
Ondoren, Karmen Irizar Maxixatzen elkarteko kideak hartu du hitza, eta talde osoaren izenean, gogoeta bat partekatu du ekitaldira bertaratu diren guztiekin. Atzera begira jarri da, eta duela 30 urte egoera zein zen gogora ekarri du, baita egungo errealitatearekin alderatu eta etorkizunera begira jarri ere. Besteak beste, nabarmendu du euskararen aurkako oldarraldia indartsu dagoen sasoi honetan, elkarteak ikerketari eman nahi diola garrantzia, egungo egoeraren argazki bat osatzeko, eta horren ostean, norabidea finkatu eta urratsak zehazteko. 2026. urtean hori izango da elkartearen ardatz nagusietako bat, urtero egin ohi dituen bestelako ekintzak antolatzearekin batera.
Jarraian, Eneritz Artetxe bertsolariak hiru bertso bota ditu; besteak beste, erreferentzia egin die euskararen aurkako oldarraldiari eta euskararen komunitateak egun bizi dituen kezkei, eta errealitate horren aurrean Maxixatzen egiten ari den lana goraipatu du.
Ekitaldia amaitzeko, Maxixatzenen etorkizuneko manifestua irakurri du Leire Lizarralde elkartearen lehendakariak, eta honela amaitu du hark irakurketa: "Memoria nagitzen utzi gabe, jarrai dezagun maxixatzen, gezur osterako prest, beste hogeita hamar urtez behintzat!". Beraz, beste 30 urtean bederen bizirik jarraitzeko aldarria eginez itxi dute ekitaldia, eta ondoren, manifestua sinatzeko aukera izan dute hala nahi zutenek.
Ospakizuna borobiltzeko, kantu bazkaria egin dute elkartearen bueltako hainbat lagunek Joseba jatetxean.