Batzoki eraberrituaren lehen urtemuga ospatu dute

Ihintza Elustondo 2026ko apirilaren 25a

Urtebete igaro da Azkoitiko Batzokia eraberritu zutenetik, eta urtemuga hori ospatzeko, Euskal Jaia egin dute gaur han. Lehenik, herri kirol erakustaldia izan da, eta ondoren, urdaiazpiko dastaketa, euskal kantuekin girotuta. 

1907an sortu zen Batzokia Azkoitian, eta 1981etik Julio Urkixo kalean kokatzen da. Iaz guztiz eraberritu zuten gune hori, eta duela urtebete, apirilaren 25ean zabaldu zituen ateak Batzokiak, itxura berriarekin. Urtebete igaro da ordutik, eta gaur, larunbata, Batzokiaren urteurrena ospatzeko ekitaldia egin dute han. Hain zuzen er,e Euskal Jaia egin dute, 12:00etan hasita, eta erakustaldia eskaini dute Eneko Otaño eta Ugaitz Mugertza aizkolariek zein Xabier Aranburu Guzta eta Jon Unanue Goenatxo III.a harri jasotzaileek. Jarraian, 13:15ean, urdaiazpiko dastaketa egin dute, euskal kantuekin girotuta.

Urteurreneko egitarauak maiatzaren 2an izango du jarraipena. Joseba Diez Eusko Legebiltzarreko EAJren bozeramailea izango da Azkoitian EGIko gazteekin, baita Elgoibarko (Gipuzkoa) alkatea den Maialen Gurrutxaga ere. Bazkariarekin eta musikarekin borobilduko dute eguna.

Ekainaren 4an, berriz, uda aurreko Batzokixen Berriketanen azken saioa izango da, eta egun horretan, Espainiako Kongresuan EAJren bozeramailea den Maribel Vaquero etorriko da Batzokira. 

(Argazkiak: Ihintza Elustondo eta utzitakoak)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide