Holz Und Blech musika elektronikoaren jaialdiaren egitaraua, prest

Andoni Elduaien 2026ko apirilaren 24a

Jendetza, iaz, Matadeixen eskainitako emanaldi batean. (Holz Und Blech)

Haurrei nahiz familiei zuzendutako musika tailerra eta omenaldia egingo dituzte ostegunean. Ostiralean eta larunbatean, berriz, disko jartzaileek girotuko dute Azkoitia. Guztira, 40 emanalditik gora izango dira herriko hainbat txokotan.

Holz Und Blech musika elektronikoaren jaialdiko antolatzaileek iragarri dute aurtengo festibalaren egitaraua zein izango den. Datorren ostegunean, apirilaren 30ean, zabalduko dute aurtengo jaialdia, haurrei nahiz familiei zuzendutako musika tailerrarekin. Maiatzeko lehen bi egunetan, berriz, disko jartzaileek hartuko dute protagonismoa, eguerditik hurrengo eguneko goizaldeko orduetara arte 40 emanalditik gora izango dira eta.

Ostegunean, 17:30ean, egingo dute jaialdiari lotutako lehen ekintza. 17:30ean hasita, haurrentzako musika tailerra izango da-eta eliz atarian. Bertan, adin guztietako haurrei eta familiei zuzendutako saioa eskainiko dute Bizkargi musika eta dantza eskolakoek eta Holz Und Blech taldekoek. "Gorputza dantzan jartzen duten erritmoak nola sortzen diren elkarrekin ezagutuko dugu. Perkusioko musika tresnak eta magia elektroniko apur bat erabiliko dugu horretarako", adierazi dute antolatzaileek. 

Egun horretan bertan egingo dute jaialdiari hasiera ofiziala emango dion ekitaldia. Antolatzaileek jaialdiaren bidez gogoan izan ohi dute urtero Zuhaitz Urain Zizu zena, eta ohi bezala, senitartekoekin batera oroituko dute hura. Ekitaldia 19:00etan hasiko dute Balda plazan.

Holz Und Blech jaialdiari, ordea, disko jartzaileen musika emanaldiek eman ohi diote zentzua, eta aurtengorako ere panorama zabaleko musikariak elkartuko dituzte Azkoitian. Guztira, 42 disko jartzaile izango dira herrian, tartean herrikoak edo eskualdekoak, Euskal Herrikoak eta nazioartekoak. Ostiralean, Plazaberrin, Matadeixen eta Latz nahiz Txalintxo tabernetan izango dira saioak. Zapatuan, berriz, Goiko Losan, Berdura plazan, Dean, Zurt, Latz, Txalintxo, Hika, Etxe-aitz, Koxka, Tta-kun zein Galipan tabernetan eta Laja jatetxean. 

Hona hemen egitaraua: 

Osteguna, apirilak 30

  • 17:30. Haurrentzako musika tailerra, eliz atarian.
  • 19:00. Omenaldia Zuhaitz Urain Zizu zenari, Balda plazan.

Ostirala, maiatzak 1

  • 12:00-14:00. Kapitaina DJa, Plazaberrin. 
  • 18:00-02:00. House One, Hugo, Mariiin eta Unai Trotti DJak, Matadeixen. 
  • 02:00-06:00. Krakow eta Beba DJak, Latz tabernan.
  • 02:00-06:00. Pizky eta Avo DJak, Txalintxo tabernan.

Zapatua, maiatzak 2

  • 12:00-00:00. Albi, Traxx Jr., Galiano, Mari.Te, Borja S. eta Javier Carballo DJak, Goiko Losan.
  • 16:00-22:00. Checkboyz, Zatibi, DJ Radar eta Bobby DJak, Berdura Plazan. 
  • 00:00-04:00. Anartz eta Alexander Loop DJak, Dean tabernan.
  • 00:00-04:00. Celia Carrera eta Neska DJak, Zurt tabernan.
  • 00:00-06:00. Balza, Elpidio eta Gela DJak, Latz tabernan.
  • 18:00-06:00. Murxi, Coel, LN, Luska, Garai eta Victorio DJak, Txalintxo tabernan.
  • 22:00-02:00. Loreak eta Willy DJak, Hika tabernan.
  • 00:00-04:00. Elektropeña eta Xugua DJak, Etxe-Aitz tabernan.
  • 00:00-04:00. Bier eta Kintana DJak, Koxka tabernan.
  • 00:00-04:00. Josu Aranburu eta Vita V DJak, Tta-kun tabernan.
  • 00:00-04:00. Porruu eta Tsuruta DJak, Galipan tabernan.
  • 06:00-10:00. Mari.Te eta Javier Carballo DJak, Laja jatetxean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide