Palestinar herria, eta batez ere, Gazako biztanleak jasaten ari diren sarraskia salatzeko, beste elkarretaratze bat egin zuten atzo, osteguna, herriko plazan, dozenaka lagunek. Palestinaren alde Azkoitian martxan duten taldeko kideek deituta elkartu ziren, han.
Era berean, datorren zapatuan, Gernika-Palestinak deituta Donostian 17:30ean hasita egingo duten mobilizazioan parte hartzera deitu zituzten herritarrak. Euskal herriko hainbat eragilek egin dute bat deialdi horrekin. "Palestinar herriak pairatzen duen genozidioa salatzeaz gain, Israelgo estatua eta Netanyahu nazioarteko legediaren arabera epaitzea eskatuko da. Bide berean, munduan dauden gatazka ezberdinen erantzuleak ere horiek dira, hala nola Irango, Libanoko, Venezuelako edota Kubako gatazkek erantzule berdinak baitituzte", azaldu dute.
Bestalde, Global Sun flotillaren ekimena ere nabarmendu zuten atzo plazan bildutako lagunek, haiek egiten dituzten ekintzei balioa emateko asmoz. "Gizarte zibila ari da hartzen gobernuek hartu beharko lituzketen erabakiak", adierazi zuten.
Datorren hilean ere Palestinaren aldeko aldarriak herriko plazara eramango dituztela adierazi zuten Palestinari elkartasuna adierazteko herrian martxan dagoen mugimenduak.