Azkoitiko Udalak gaur atera ditu salmentara udaberriko kanpainako merkataritza bonuak. 10:00ak geroztik eskura ditzakete herritarrek bonu horiek, izan Internet bidez online edota aurrez aurre. Izan ere, udaleko eta Herrixen elkarteko kideak Kontzejupean egongo dira bonuak saltzen, goizean, 13:00etara arte, eta arratsaldean, 17:00etatik 19:00etara.
Guztira, 666 erosketa bonu jarriko dituzte salgai, horietatik 200 Interneten, honako lotura honetan. Hala, herritarrek 30 euroren truke 60 euro izango ditu eskuragai nahierako erosketetarako. Erosle bakoitzak gehienez bi bonu sorta erosi ahalko ditu; alegia, 60 euroren truke, 120 euro eskuratzeko aukera izango du pertsona bakoitzak, gehienera jota. Erosleek ekainaren 21era arteko epea izango dute bonuak herriko saltokietan trukatzeko.
Bonuen erabileraz
Azken kanpainetan bezala, herritar bakoitzak 30 euroren truke eskuratutako bonu sortak 60 euroko balioa izango du. Hori hala, 10 euroko balioa duten sei txartel jasoko ditu erosleak, bakoitza kolore batekoa. Hori hala, kolorearen arabera bereizi ahal izango dira bonuak trukatu ahal izango diren saltokiak. Hona hemen kolorearen araberako azalpena:
- Hori koloreko bonua: bonu orokorra da, guztietarako baliagarria.
- Laranja koloreko txartela: 5 euroko bi zati ditu. Okindegietan, kafetegietan, jatetxeetan, tabernetan, gozotegietan, gozoki dendetan eta baserritarren azokan erabili daiteke.
- Arrosa koloreko bonua: elikadura saltokietan, harategietan, arrandegietan, fruta dendetan edota edari dendetan trukatu ahal izango da
- Berde koloreko bonua: moda, oinetako, osagarri, kirol, mertzeria eta bitxi dendetan;
- Urdin koloreko bonua: ile-apaindegi, estetika, masaje, dentista, podologia, optika, farmazia, parafarmazia, lurrin denda, drogeria eta belar denda zentroetan.
- More koloreko bonua: inprentetan, paper dendetan, bidaia agentzietan, gasolindegietan, loradendetan, iturgintza guneetan, beirateria dendetan, dekorazioan, burdindegia dendetan, etxetresna elektrikoak saltzen dituzten zentroetan, estankoetan, tindategietan, informatika saltokietan, pentsu dendetan, autoeskoletan, aseguru-etxeetan nahiz argazki-dendetan.