Kultur Etxean eta Azkoitia BHI ikastetxean su-itzalgailuak hustu izana gaitzetsi du udalak

Andoni Elduaien 2026ko apirilaren 24a

Kultur Etxeko laugarren solairuan birritan zabaldu dituzte su-itzalgailuak. (Guka)

Kultur Etxean, azken asteetan, birritan hustu dituzte su-itzalgailuak. Dena den, Azkoitia BHI ikastetxean ere hustu dituzte halakoak apirilean. Udalak erreminta horiek zabaltzeak pertsonei eragin diezazkieketen arriskuez ohartarazi ditu adingabeak.

Azkoitiko Udalak Kultur Etxean eta Azkoitia BHI ikastetxean su-itzalgailuak hustu izana gaitzetsi du. Azken asteetan, hainbat ezezagunek "nahita" su-itzalgailuak hustu dituzte bi gune horietan sartuta. Erakundeak adierazi du "bihurrikeria egiteagatik edo dibertitzeagatik" egindako ekintzak izan direla horiek.

Gertakari horien aurrean, udalak bere "gaitzespenik irmoena" adierazi du. "Gizalegearen kontrako jokabidea da, eta noski, ondorioak ditu; besteak beste, garbiketa lan handia". Era berean, udalak ohartarazi du-itzalgailuak zabaltzeak arriskuak sor ditzakeela. "Kalteen delitua izateaz gain, itzalgailuek botatzen duten substantziek gizakien arnasbideei edo ikusmenari eragin diezaiekete. Bihurrikeria delakoan, zorigaitz bihur daiteke horrelako ekintza bat".

Udalaren arabera, Udaltzaingoak "zantzu argiak" ditu hustu dituztenak adingabeak direla pentsatzeko, eta gaztetxoak ohartarazi nahi izan ditu horrelako "gaiztakeriak" edota "zorigaiztoko egoerak" ekidin ditzaten eta berriro gerta ez daitezen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide