Azkoitiko Maxixatzen euskara elkarteak 30 urte beteko ditu aurten, eta urteurren biribil hori ospatzeko, ospakizun ekitaldia eta bazkaria antolatu ditu biharko, zapatua. Eguerdian, Kontzejupean egingo dute hiru hamarkadatako ibilbidea oroitzeko balioko duen ekitaldia, eta segidan, kantu bazkaria egingo dute Joseba jatetxean.
Hogeita hamar urtez Maxixatzen, eta aurrera! lelo hartuta ospatuko dute urteurrena. Bihar, 12:00etan hasiko dute ekitaldia Kontzejupean, eta bertan parte hartuko dute musikariek, dantzariek eta bertsolariek. Era berean, herriko hainbat lagunen hitzartzeak ere izango dira.
Ondoren, Joseba jatetxera lekualdatuko dute festa, han kantu bazkaria egingo baitute Mirari Azkune eta Aintzane Agirrebeña musikariekin. Guztira, 40 bat lagun elkartuko dira bazkaritarako, euskara elkartearen hiru hamarkadak goratzeko –izen ematea itxita dago–.
Bi Minutu, abian
Bestalde, Maxixatzenek Bi Minutu literatur lehiaketarako izen ematea zabaldu du, eta izenak dioen moduan, bi minutu azpitik irakur daitezkeen testuak aurkez ditzakete maiatzaren 17ra bitartean idazleek: zehazki, gehienez 200 hitzetako idazlanak sortu beharko dira, izenburua kontuan hartu gabe. 16 urtetik gorako emakumeek parte har dezakete lehiaketan, eta horiek lan bat baino gehiago aurkezteko aukera izango dute.
Idatziak posta elektronikoz aurkeztu behar dira, maxixatzen@maxixatzen.eus helbide elektronikora bidalita. Mezuan, alde batetik, egilearen datu pertsonalak azaldu beharko dira, eta bestetik, idatzia bidali beharko da. Antolatzaileek argitu dutenez, zalantzak argitzeko bidea posta elektroniko horretara mezua idaztea izango da.
Sariei dagokienez, irabazleak 500 euro jasoko ditu, eta bigarren zein hirugarren postuan geratzen direnek, 250 eta 150 euro, hurrenez hurren. Epaimahaiak, gainera, gehienez zazpi aipamen berezi egin ditzake, eta horiek bina bonu jasoko dituzte datorren urteko Geure Gelatik liburu azokan gastatzeko. Era berean, saridunek zein aipamen berezia jasotzen dutenek 2027ko Geure Gelatik azokan egingo duten irakurraldian irakurriko dute beren testua. Antolatzaileen arabera, martxoaren amaieran izango da emakume idazleen euskarazko liburu azoka hori.
Iruñera, maiatzaren 16an
Hori gutxi ez, eta Euskal Hiriak Euskaraz egitasmoaren barruko irteera ere antolatu du elkarteak maiatzaren 16rako, eta oraingoan, Iruñera joango dira. 09:00etan abiatuko dira Azkoititik Iruñera autobusez, Julio Urkixo etorbidea 7 zenbakiko autobus geralekutik. Iruñera iritsitakoan, hiriburuaren historia hobeto ezagutzeko bisita gidatua egingo dute Labrit fundazioaren eskutik. Ondoren, Laba kulturguneak duen tabernan bazkaria egiteko aukera izango da. 17:30ean itzuliko dira Azkoitira.
Irteeran parte hartu nahi dutenentzako izen emate epea zabalik du Maxixatzenek. Egun-pasa joateko izena apirilaren 30a baino lehen eman behar da, online zabaldu duten galdetegia beteta. Era berean, maxixatzen@maxixatzen.eus helbide elektronikora idatzita edo 675 85 71 11 telefono zenbakira deituta eman daiteke izena. Maxixatzeneko bazkideek 10 euro ordaindu beharko dituzte autobuseko bidaia eta bisita gidatua, eta bazkide ez direnek, 15 euro.