Errekauek hauspotzeko berrikuntzak txertatu dituzte, zerbitzua martxan jarri eta urtebetera

Andoni Elduaien 2026ko apirilaren 23a

Erakundeetako, elkarteetako eta Errekauek zerbitzuko kideak, plazan. (Andoni Elduaien)

Zerbitzua astelehenetik ostiralera eta goizez nahiz arratsaldez eskainiko dute aurrerantzean. Era berean, webgunea eta app-a uztartuko dituen atari digital bat jarriko dute martxan, herritarrek erosketen eskaerak egiteko bide berri bat zabalduz. Gaur arratsaldean eta zapatu goizean Kontzejupean izango dira zerbitzuko arduradunak azalpenak ematen eta herritarrek izan ditzaketen zalantzak argitzen.

Urtebete igaro da Errekauek zerbitzua martxan jarri zutenetik, baina proiektua egosi zuten eragileek ulertu dute hari beste hauspo bat emateko garaia iritsi dela. Zerbitzuari ikusgarritasuna ematea eta herritarrari zerbitzuak martxan jarraitzen duela gogoraraztea dituzte xede, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntza batek nahiz udalak egindako ekarpenak bultzatuta, zerbitzua zabalagoa eta osoagoa da gaurdanik. Aurrerantzean, herritarrek egindako erosketa eta zerbitzu eskaerak astelehenetik ostiralera banatuko dituzte Errekauek zerbitzukoek, bai goizez, bai arratsaldez. 

Ana Azkoitia alkateak, Sara Rodriguez Herrixen elkarteko arduradunak eta Usoa Etxeberria Errekauek zerbitzuaren kudeatzaileak eman dituzte azalpenak gaur, osteguna, udaletxean. Orain arte, egunaren arabera, goizez edo arratsaldez egin ohi zituzten banaketak Errekaueken banaketa zerbitzuko langileek. Ordea, egunero ordutegi desberdina izateak herritarren artean "nahasmendua" sortzen zuela nabarmendu dute haiek. Hori hala, banaketa ordutegia aldatuko dute, eta aurrerantzean, astelehenetik ostiralera 10:30etik 12:00etara eta 17:30etik 19:00etara egingo dituzte banaketak erosleen etxeetara. Hori bai, eskaerak 16:00etara arte egin ahal izango dira egun berean jaso ahal izateko; ordu hori igaro ostean egindako eskaera guztiak hurrengo egunean banatuko dituzte. 

Ordea, ordutegiarena ez da zerbitzuari gehituko dioten berrikuntza bakarra izango; izan ere, proiektua "berritzailea" izan arren, "etengabeko hobekuntzan jarraitzeko intentzioa" dute. Hori hala, laster web-app berri bat zabalduko dute. Atari digital horretan, batetik, Azkoitian egun dagoen eskaintza guztia kontsultatu ahal izango dute herritarrek, eta bestetik, beste hainbat funtzionalitate txertatuko dizkiote, "egunerokotasuneko erosketa guztiak egitea errazagoa" izan dadin. Herritarrek erosketak Whatsapp bidez egiten jarraitu ahal izango dute, baina, aldi berean, web-app horretatik igorri ahal izango dituzte eskaera mezuak. Atari hori argitaratzearekin bat berrituko dute Nire Azkoitia plataforma ere. Dena den, Errekauek zerbitzuaren telefonora deituta ere egin ahal izango dira eskaerak.

Azkoitiko Udalaren, Azkoitiko Herrixen merkatari elkartearen, Dendartean Gipuzkoako merkatarien elkartearen, Iraurgi Berritzen garapen agentziaren eta Urkome Urola Kostako landa eremuen garapenaren alde lan egiten duen elkartearen arteko lankidetzaren emaitza izan zen zerbitzua. Eragile horiek guztien artean ondu zuten Errekauek zerbitzuaren proiektua, Europako Next Generation funtsen diru laguntzak jasota.

Hazteko erronka

Errekauek zerbitzuak norabide bereko bi helburu ditu: batetik, herritarrak kontsumo ohitura berrietara egokitzea, eta bestetik, eta ez garrantzia gutxiagokoa, merkataritza txikia bultzatzea. Alkateak adierazi du teknologiak egun ematen dituen aukerak aprobetxatzea "egoki" ikusi zutela zentzu horretan: "Bezeroari ahalik eta modurik erosoenean herriko merkataritza txikian erosteko aukerak indartu nahi izan genizkion". Proiektua "babes zabalarekin" hasi zutela ere gogoan izan du Azkoitiak. "Batasun horrek lagundu zuen proiektua ondo bideratzen nahiz sendotzen. Egun, zaila da bakarrik gauza asko egitea, baina elkarrekin batuta, ziur nago proiektua hobeto eta indar handiagoarekin aterako dela aurrera".

Lehen urtearen balantzea egiterakoan, ohiko erabiltzaileen profila zein izan den jakinarazi dute Rodriguezek eta Etxeberriak. Adineko jendea, autorik ez duena, herrigunetik kanpoko auzoetan bizi direnak, ezintasun baten aurrean daudenak... dira ohiko erabiltzaileak. Nolanahi ere, zerbitzuaren "profil izarra" haurrak dituzten gurasoek osatu dute orain arte. Rodriguezek zerbitzua "azkarra", "erosoa", "jasangarria" eta "herrikoa" dela gaineratu du, eta horregatik guztiagatik, proiektuaren parte izatera animatu ditu azkoitiarrak: "Herrian erosteko mezua zabaldu nahi genuke, inoiz baino errazagoa eta erosoagoa da-eta herritarrarentzat herrian erostea".

Rodriguez "oso gustura" agertu da, era berean, zerbitzuak lehen urtean egin duen ibilbidearekin. "Suabe hasi da, baina sentsazioak oso positiboak dira, eta ildo horri eustea nahi dugu. Zerbitzua probatu duten herritar guztiek oso gustura daudela adierazi digute, eta gainera, horiek ohikoa bilakatu dute erosketa modu hori". Etxeberriak gaineratu du, halaber, proiektu "berria" dela, eta halakoetan "neurria hartzea zaila" izaten dela. "Europa mailan ez dago gisa honetako zerbitzurik; Gipuzkoan, Azkoitia eta Azpeitia dira halako zerbitzua eskaintzen aurrenetakoak".

Informazioa zabaltzen

Zerbitzuari lotutako informazioa eta aurrerantzean jasango dituen aldaketen berri emateko, euskarri informatiboak banatuko dituzte datorren astean etxez etxe. Era berean, gaur, osteguna, 18:00etatik 19:30era, eta etzi, zapatua, 11:00etatik 13:00etara, Kontzejupean izango dira zerbitzuko arduradunak euskarri horiek banatzen eta herritarrek izan ditzaketen zalantzak argitzen. Gainera, aurreratu dute informazio puntu horietara hurbiltzen direnei "opari txiki bat" emango dietela. Bestela, 688 81 87 77 telefono zenbakira dei dezakete herritarrek.

Lanketa horren barruan, zerbitzuaren erabiltzaileek emandako testigantzekin osatutako bideo labur batzuk ere argitaratuko dituzte datozen egunetan. Bestalde, erabiltzaileei nahiz saltokietako arduradunei zuzendutako formakuntza saioak ere egingo dituzte. Maiatzean hasiko dira saltoki guztietan teknologia berrien formakuntza saioak eskaintzen, eta uda osterako utziko dituzte herritarrei zuzendutakoak, ordurako espero dute-eta guztia behar bezala martxan izatea. 

Zer da Errekauek?

Telefono, Whatsapp eta laster martxan izango den web-app bidez, herriko saltokietan egin beharreko erosketak edota herriko saltokiei lotutako bestelako zerbitzuak herritarraren eskuraino bideratzen dituen zerbitzua da Errekauek. Erosketak edota herriko saltokien zerbitzuen onurak etxean jaso ditzakete herritarrek, baita Berdura Plazarako sarbidean dagoen kontsignan ere.

Herritarrek 688 81 87 77 telefono zenbakira idatzita edo deituta egin ditzakete eskaerak Errekauek zerbitzura.  Whatsapp mezuaren bidez urteko egun guztietan eta 24 orduz egin daitezke eskaerak. Aldiz, eskaerak telefono dei bidez egin nahi dituztenek, 08:00etatik 09:00 eta 15:00etatik 16:00etara dei dezakete soilik zenbaki horretara.

Eskaerak egin ondoren, eskatutakoa jasotzeko modu desberdinak eskaintzen ditu zerbitzuak:

  • Etxean: 10:30etik 12:00etara eta 17:30etik 19:00etara egingo dituzte banaketak.
    • Erositakoa etxean jasotzeko euro bat ordaindu beharko da.
  • Berdura Plazako kontsignan: 06:30etik 21:30era jaso daitezke erosketak. 
    • Erositakoa kontsignan jasotzeko 0,50 euro ordaindu beharko da.
  • Saltokian: saltoki bakoitzaren ordutegian hartu daitezke erosketak. 

Ordainketa egiteko moduak ere desberdinak dira jasotzeko moduaren arabera:

  • Etxean jasotako erosketak, esku diruarekin, txartelarekin edo transferentzia eginda ordaindu daitezke.
  • Berdura Plazako kontsignan jasotako erosketak, txartelarekin edo transferentzia eginda ordaindu daitezke.
  • Saltokian, saltoki bakoitzak eskaintzen duen aukeraren arabera ordaindu beharko dira erosketak. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide