Datorren ostiralean aterako dituzte salmentara merkataritza bonuak

Andoni Elduaien 2026ko apirilaren 17a

Halako merkataritza bonuak salduko dituzte. (Udala)

Udalak 666 erosketa bonu aterako ditu salmentara; 200 bonu Internet bidez salduko ditu, eta 466, Kontzejupean, aurrez aurre. Erosleek ekainaren 21era arte izango dute bonuak erabiltzeko aukera. Ohi bezala, koloreka bereiziko dituzte bonuak trukatu ahal izango diren saltokiak. 

Azkoitiko Udalak datorren ostiralean, hilak 24, jarriko ditu salgai udaberriko kanpainako merkataritza bonuak. Egun horretan bonuak online nahiz aurrez aurre erosteko aukera eskainiko du erakundeak. Hain zuzen, 30 euroren truke, erosleak 60 euro izango ditu eskuragai nahierako erosketetarako. Hori bai, udalak nabarmendu du herritar bakoitzak gehienez bi bonu sorta erosi ahalko dituela; alegia, 60 euroren truke, 120 euro eskuratzeko aukera izango du pertsona bakoitzak.

Kontzejupean jarriko dute bonuen salmenta mahaia hilaren 24an, 10:00etatik 13:00era nahiz 17:00etatik 19:00etara. Guztira, 666 erosketa bonu jarriko dituzte salgai, horietatik 200 Interneten. Gainera, udalak jakinarazi du bonuen erosleek ekainaren 21era arteko epea izango dutela bonuak saltokietan trukatzeko. Azken kanpainetan bezala, bonu bakoitzak 10 euroko balioa izango duen sei txartel izango ditu, bakoitza kolore desberdinekoa. Hori hala, kolorearen arabera bereizi ahal izango dira bonuak trukatu ahal izango diren saltokiak.

Hori koloreko bonua, bonu orokorra izango da, eta hura establezimendu guztietan erabiltzeko aukera izango dute herritarrek. Laranja koloreko txartela, berriz, 5 euroko bi zatitan banatuko dute, "erabilera erraztearren". Hura okindegietan, kafetegietan, jatetxeetan, tabernetan, gozotegietan, gozoki dendetan eta baserritarren azokan erabili ahal izango dute herritarrek.

Ordea, beste bost koloretako bonuak ere banatuko dituzte: arrosa, berdea, urdina, morea eta horia. Kolore arrosa duen bonua elikadura saltokietan, harategietan, arrandegietan, fruta dendetan edota edari dendetan trukatu ahal izango da; bonu berdea, moda, oinetako, osagarri, kirol, mertzeria eta bitxi dendetan; bonu urdina, bestalde, ile-apaindegi, estetika, masaje, dentista, podologia, optika, farmazia, parafarmazia, lurrin denda, drogeria eta belar denda zentroetan; bonu morea zerbitzuen sektorean erabili ahal izango da, hala nola inprentetan, paper dendetan, bidaia agentzietan, gasolindegietan, loradendetan, iturgintza guneetan, beirateria dendetan, dekorazioan, burdindegia dendetan, etxetresna elektrikoak saltzen dituzten zentroetan, estankoetan, tindategietan, informatika saltokietan, pentsu dendetan, autoeskoletan, aseguru-etxeetan nahiz argazki-dendetan; eta azken.

Erakundeak azaldu duenez, bonuak txarteletan banatuta udalak saltoki edota zerbitzu mota guztietara zabaldu nahi izan du kanpaina horren bidez herriko merkataritza eskaini nahi dion laguntza. "Herritarrek beren gastuak sektore edo saltoki mota bakar batean kontzentratzea saihestea eta laguntza ahalik eta txikizkako negozio gehienetara iristea ahalbidetu nahi izan dugu".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide