Tanttaka Teatroak Desobedienteak 18/98 obra aurkeztuko du etzi, zapatua, Baztartxo antzokian. 19:00etan hasiko da emanaldia, eta obrak 18/98 auziko epaiketatik unibertsitatera, unibertsitatetik mundura, eta desobedientzia zibilaren oinarrietara eramango ditu ikus-entzuleak. Desobedientziaren funtzionamendua eta egungo gizarteak duen haren premia izango ditu hizpide lanak oinarrian.
Ainhoa Zientzia Politikoetan doktoratu berri da, eta doktoretza tesia defendatu behar du epaimahai akademiko baten aurrean. Haren tesiak desobedientzia zibila du aztergai, egungo demokrazietan indarrean dagoen eta beharrezkoa den borroka praktika gisa. Esanahiz betetako adibideen bitartez, eskubide zibilen historian eta haiek irabazteko bidean desobedientzia zibilak izan duen rol erabakigarriaz hitz egingo du Ainhoak.
Garzon epaileak irekitako eginbide batzuetatik abiatuta, gainera, Desobedienteak 18/98 lana bete-betean murgilduko da 18/98 sumarioaren makro prozesu judizial polemikoan; izan ere, eskubide zibilak gizarte mugimenduei lotutako oinarritik defendatzen zituzten hainbat pertsonaren prozesamenduaren adierazle izan zen auzi hura.
Maria Goirizelaiak idatzi du Desobedienteak 18/98 obra, eta Aiora Enparantzak itzuli du. Fernando Bernuések eta Mireia Gabilondok zuzenduta, Miren Arrieta, Aiora Enparantza, Iñigo Azpitarte, Klara Badiola, Kepa Errasti eta Omar Somai aktoreak arituko dira lanean ikus-entzuleen aurrean.
Sarrerak, salgai
Sarrerak online eros daitezke Entradium atarian; 8 eta 12 euro artean eskuratu daitezke horiek, honako lotura honetan. Ordea, etzi, emanaldiaren egunean, Baztartxoko leihatilan bertan ere eskuratu ahal izango dira.
Gukak, bestalde, Azkoitiko Udaleko Kultura sailaren bidez, bazkideentzako bi sarrera bikoitz zozkatuko ditu. Gukaren zozketen atalean eman beharko dute izena bazkideek horretarako.