Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak Bi minutu literatur lehiaketarako izen ematea zabaldu du beste behin, eta izenak dioen moduan, bi minutu azpitik irakur daitezkeen testuak aurkez ditzakete gaurtik maiatzaren 17ra bitartean idazleek: zehazki, gehienez 200 hitzetako idazlanak sortu beharko dira, izenburua kontuan hartu gabe. Ohiko moduan, 16 urtetik gorako emakumeek parte har dezakete lehiaketan, eta horiek lan bai baino gehiago aurkezteko aukera izango dute.
Idatziak posta elektronikoz aurkeztu behar dira, maxixatzen@maxixatzen.eus helbide elektronikora bidalita. Mezuan, alde batetik, egilearen datu pertsonalak azaldu beharko dira, eta bestetik, idatzia bidali beharko da. Antolatzaileek argitu dutenez, zalantzak argitzeko bidea posta elektroniko horretara mezua idaztea izango da.
Sariei dagokienez, irabazleak 500 euro jasoko ditu, eta bigarren zein hirugarren postuan geratzen direnek, 250 eta 150 euro, hurrenez hurren. Epaimahaiak, gainera, gehienez zazpi aipamen berezi hauta ditzake, eta horiek bina bonu jasoko dituzte datorren urteko Geure Gelatik liburu azokan gastatzeko. Era berean, saridunek zein aipamen berezia jasotzen dutenek 2027ko Geure Gelatik azokan egiten duten irakurraldian irakurriko dute beren testua. Antolatzaileen arabera, martxoaren amaieran izango da emakume idazleen euskarazko liburu azoka hori.