I. Hike Praktikak egitasmoaren bigarren saioa egingo dute bihar, asteartea, Elkargunean. Mutil eta neska, toka eta noka Azkoittiko hike, jo ta ke lelopean, 18:30etik 20:00etara egingo dute saioa. Hitzordua irekia eta doakoa da, eta nahi duen orok izango du bertan parte hartzeko aukera.
Udaleko Euskara sailak, Hike eizan! taldearekin elkarlanean, I. Hike Praktikak egitasmoa jarri zuen martxan, hitanoaren erabileran trebakuntza jaso nahi dutenentzat. Ekimena hitanoa sustatzeko eta indartzeko azken urteetan egiten ari den ahaleginaren barruan kokatu du udalak, Azkoittiko Hike Poltsikun liburuxkaren edota Azkoitirako Appa Hi aplikazioaren osagarri.
Xabier Eizagirre euskaltzalea ari da egitasmoa bideratzen eta hark azaldu du euskararen lagunarteko tratamendua denboraren poderioz "atzera" doala: "Neskan artien hike-erabilera galtzen eta mutilen artien asko murrizten. Ba, eguneroko euskerazko komunikazixuen ahal dan hiztun osuenak izetiek, zuke eta hike ondo erabiltziek, bere inportantzixe baduenez, konbidaute hao irakasle, guraso, herritar hori hike-praktika hauetara", adierazi du hark.
Egitasmoa osatzeko, guztira, lau saio egingo dituzte, eta martxoaren 16an egindako lehenaren ondoren, biharkoa izango da bigarrena. Aldiz, maiatzaren 19an eta ekainaren 16an izango dira hurrengoak.