EAEko Adiskide Numerario izendatuko dute zapatuan Juan Bautista Etxeberria

Andoni Elduaien 2026ko apirilaren 16a

Intsausti jauregia. (Alex Berasategi)

Elkarteak 12:00etan hasiko du ekitaldia Intsausti jauregian. Etxeberriak La historia detrás de una imagen: el sueño moderno de Patricio Echeverría izeneko sarrera ikasgaia aurkeztuko du, eta ondoren izendatuko dute hura elkarteko kide. Ekitaldia irekia izango da herritarrentzat.

Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak (EAE) Adiskide Numerario izendatuko du etzi, zapatua, Juan Bautista Etxeberria arkitektoa. 12:00etan hasiko du elkarteak ekitaldia Intsausti jauregian, eta irekia izango da herritar guztientzat. 

Pedro Berriotxoa elkartearen Gipuzkoako lehendakariaren hitzekin hasiko da ekitaldia, eta jarraian, aurkeztuko du Etxeberriak La historia detrás de una imagen: el sueño moderno de Patricio Echeverría izeneko sarrera ikasgaia. Xabier Albistur elkarteko Adiskide Numerarioak egingo dizkio Etxeberriari harrera hitzak segidan, eta musika emanaldia eskainiko dute amaitu aurretik. Domina eta diploma emanda izendatuko dute hura elkarteko kide.

Etxeberriak arkitekturan profesionalki jardun du 1988. urteaz geroztik, eta lan hori San Pablo-CEU eta Nafarroako Unibertsitateetako irakasle eta ikertzaile lanekin bateratu du. Hain justu, egun Nafarroako Unibertsitatean irakasle titularra da, eta eraikinen instalazioetan zein politika arautzailean oinarritzen du bere jarduna. Finantzaketa alorreko hainbat ikerketa proiektutan parte hartutakoa ere bada Etxeberria.

Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko (EHAEO) Gipuzkoako ordezkaritzan lan egin zuen Etxeberriak 1999 eta 2008 urteen artean, eta ordezkaritza horretako idazkaria izan zen 2017tik eta 2023ra. Society of Fire Protection Engineers (SFPE) Espainiako kapituluko lehendakariordea ere bada hura. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide