Aita baten haurtzaroko oroitzapenak, hodeien arteko bidaian kontatuta

Andoni Elduaien 2026ko apirilaren 16a

'Hodei guztien gainetik' obraren irudietako bat. (Markeliñe)

Lanaren errutinan harrapatuta, jolasteko plazera ahaztu duen aita lanpetu baten istorioa kontatuko dute igandeko obran. 17:00etan hasiko da emanaldia, eta sarrerak Entradium atarian nahiz Baztartxoko leihatilan eskuratu daitezke 3 eta 5 euroren truke. 

Markeliñe konpainiak haurrentzako eta familientzako Hodei guztien gainetik antzezlana taularatuko du datorren igandean, hilak 19, Baztartxo antzokian (17:00). Maite Bayon eta Fernando Barado antzezleek ordubete eskaseko obra aurkeztuko dute, lanaren errutinan harrapatuta, jolasteko plazera ahaztu duen aita lanpetu baten istorioa kontatuz.

Egun batean, zorabio bat jasan ondoren, aita harrituta esnatuko da kaleko aingeru bat bizi den kartoizko hodeien artean. Pertsonaia magiko horrekin duen harremana aintzat hartuta, aitak aspaldi galdu zuen inozentziazko bidaia hasiko du. Sinplea den hori aparteko bihurtzeko eta une bakoitza abentura bihurtzeko gonbidapena egingo diote antzezleek ikus-entzuleei. Kartoizko zeru horretatik, urrundik begiratuko diete munduko gudu itsuei eta ergelei, baita aitarik gabe jolas egiten duen ume bati ere. Egoera horrek tristura eta damua eragingo ditu berreskuraezina den denborarengatik.

Emanaldirako sarrerak Entradium atarian eskuratu daitezke, 3 eta 5 euro artean. Honako lotura honetan eros daitezke sarrerak aldez aurretik. Nolanahi ere, igandean Baztartxoko leihatilan ere izango da horretarako aukera. Antzerki konpainiak egindako gomendioaren arabera, antzezlana 3 urtetik gorako pertsonentzat da egokia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide