Mugikortasunaz nahiz autoen eta oinezkoen arteko elkarbizitzaz hausnartzeko tartea hartu dute herritarrek

Ane Olaizola 2026ko apirilaren 15a

Gomez, atzo, bere hitzartzean. (Ane Olaizola)

Urola Erdia ispiluaren aurrean kanpainaren barruan, bailaran egingo duten zikloaren lehen saioa eskaini zuten atzo Azkoitian. Autoen eta oinezkoen arteko elkarbizitza orekatuagoa izateko, hizlariek hamaika adibide jarri zituzten mahai gainean, datu esanguratsuak jakinaraztearekin batera. 

Kaleak pertsonentzat ala autoentzat? Elkarbizitza orekatuago baten bila izenpean, hitzaldi mamitsua eskaini zuten atzo Ander Gortazar EHUko Hirigintza irakaslea eta RAZ bulegoaren sortzaileak, Ibon Rosales Lasarte-Oriako udal arkitekto eta udal mugikortasun politiketan eskarmentua duen profesionalak eta Diego Gomez geografoa eta INTRAko kidea, mugikortasun azterketetan adituak. Iraurgi Berritzenek eta Lapatx zabortegiko zerbitzu berriak kudeatzen dituen Laienek martxan jarritako Urola Erdia ispiluaren aurrean kanpainaren barruan eskaini zuten Andoni Elduaien Gukako kazetariak gidatutako saioa, eta hizlarien azalpenekin, autoen eta oinezkoen arteko elkarbizitzaz hausnartzeko tartea izan zuten Elkarguneko Oteiza aretoan bildu ziren dozenaka lagunek. 

Gomezek Azkoitiko eta Urola Erdiko mugikortasun jasangarrirako diagnostikoak egin ditu, eta azterketa horietako hainbat datu aurkeztu zituen atzoko saioan: haren arabera, eskualdeko biztanleria %2,6 hazi den bitartean, ibilgailuen kopurua %11,4 igo da azken hamarkadan. Azkoitian, berriz, handiagoa da arrakala: 2014tik 2023ra arteko epean %12,3 ibilgailu gehiago zenbatu zituzten, baina udalerriko biztanle kopurua %1,5 hazi zen. 

Leku batetik bestera egiten diren joan-etorrien %62 eskualdeko udalerrien barruan egiten direla ere azaldu zuen geografoak, eta eskualdean erregistratu diren desplazamenduen %59 lanagatik edo ikasketengatik egiten direla gaineratu zuen. Era berean, jakinarazi zuen, eskualdeko herritarren erdiek ibilgailu pribatuetan egiten dituztela bost minutu edo gutxiagoko joan-etorriak. Zenbateko hori mantendu egiten da ordu laurden eta ordu erdi arteko desplazamenduetan, eta kasu horretan, herritarrek %13ak garraio publikoa erabiltzen du. Horrenbestez, Gomezek erronkatzat jo zuen 15 minutu azpiko desplazamenduetan "modu aktiboak sustatzea" eta autoaren erabilpena murriztea.

Bestalde, mugikortasunaz eta espazioaren negoziazioaz ere hausnartu zuten hitzaldian. Nazioarteko hainbat adibide jarri zituen mahai gainean Gortazarrek, eta ibilgailuek kale publikoan okupatzen duten lekuaz hainbat datu ere eman zituen: esaterako, eremu batean auto batentzako aparkalekua kentzen denean, hamabi lagunentzako lekua egiten dela azaldu zuten. 

Hamaika daturekin sakon mamitu zuten ibilgailuen eta oinezkoen arteko elkarbizitza, eta irisgarritasun unibertsalera bidean, legea betetzearen premia azpimarratu zuten. Era berean, ibilgailuen eta oinezkoen arteko oreka bilatzeko "ausardia politikoa" ere behar dela adierazi zuten. 

Zikloaren hasiera

Kanpainaren barruan,  mugikortasunari, energiari eta lurralde-antolamenduari buruzko hitzaldi zikloaren lehen saioa izan zen atzokoa. Bigarrena solasaldia Zestoan izango da apirilaren 21ean, eta Energia subiranotasuna lor daiteke? Energia-sorkuntzari, lurraldeari eta etorkizunari buruz hausnartu dezagun gaia landuko dute; azkenik, apirilaren 28an Azpeitiko honako saio honek itxiko du egitaraua: Zer energia eredu nahi du Azpeitiak?

Ondoren herriz herri egingo diren lan saio parte hartzaileen "abiapuntu" izango dira hitzaldi horiek. Saio horietan, hain zuzen, herritarrek aukera izango dute eskualdeko eta herrietako egoera aztertzeko, proposamenak lantzeko eta lehentasunak adosteko. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide