Saguxar eta Ramona's First Evil Boyfriend musika taldeen emanaldiak izango dira datorren ostiralean, hilak 17, Azkoitiko Matadeixen. 22:00etan hasiko dira talde horien emanaldiak han, eta kontzertuez gozatu nahi dutenek 8 euro ordaindu beharko dute sarrera.
Saguxar izenaren atzean Ane Segurola musikari eta ekoizle irundarra (Gipuzkoa) dago. Sei mila urte izena du bere aurreneko lanak, eta bertan hainbat genero zeharkatzen dituen atmosfera propio bat sortu ahal izan du. Bere konposizioek bere ametsen munduko irudiak islatzen dituzte: letra iradokitzaile eta melodia etereoen bitartez, entzulea mundu oniriko batean murgiltzen du. Bere ikuspegi berritzaileak arreta erakarri du Euskal Herriko musika eszenan; izan ere, euskaraz entzutea ohikoak ez diren hainbat estilo aurkeztu ditu hark, horien artean ambient, dream pop, trance eta elektronika esperimentala.
Ramona's First Evil Boyfriend taldea, bestalde, Azkoitian sortu zen konfinamendu garaian. Andrea Pozo (Azkoitia, 1997) eta Josemari Unanue (Hendaia, 1997) bikotearen eskutik. Autoekoizpeneko lehen lanei esker, Kutxa Kultur eta Villasound Bilbao programetan parte hartu ahal izan zuten haiek. 2022an, Mnemosyne lana argitaratu zuten, folk, shoegaze eta pop-rocka uztartzen dituen lana. Ondu zuten lan hori, gainera, zuzenean aurkezteko aukera izan zuten Atabal (Biarritz), Dabadaba (Donostia) edo Taller de Músics 24 (Bartzelona) bezalako aretoetan. Julen Hidalgo azpeitiarra ere batu zen Pozoren eta Unanueren taldera gero.
Konposatzeko denbora bat hartu eta gero, iaz Azküe Soinuan (Zarautz) sartu ziren taldekideak Eatxi diskoari forma emateko, eta duela gutxi kaleratu dute. Lan horretan soinu garbiago eta finago bateranzko pausoa eman dute, euskarazko eta gaztelerazko letrekin, baina betiere beren berezko espontaneotasuna mantenduz.