Mendi ibilaldia eta ikus-entzunezkoen saioa, Anaitasunaren hurrengo hitzorduak

Ane Olaizola 2026ko apirilaren 13a

Degurixa mendia. (Wikiloc)

Bilboko Mendi Film jaialdiko ikus-entzunezko lanak eskainiko dituzte ostiralean, eta larunbatean Gure Txokoak Ezagutzen egitasmoaren barruko irteera egingo dute Urkulu urtegiaren ingurura.

Anaitasuna mendi bazkunak bi hitzordu prestatu ditu aste honetarako: batetik, Mendi Tour biraren barruan, Bilboko Mendi Film jaialdian aurten aurkeztu dituzten ikus-entzunezko lanak eskainiko dituzte ostiralean; biharamunean, berriz, Gure Txokoak Ezagutzen egitasmoaren barruko irteera egingo dute Aretxabaletako Urkulu urtegi ingurura (Gipuzkoa). 

Mendi Tour deituriko birak Azkoitian egingo du geldialdia ostiralean, eta lau film labur ikusteko aukera egongo da Baztartxo antzokian 19:00etan. Honako lan hauek eskainiko dituzte: Trango, Aldabide, Dear Superhero eta Eternal Solo. Sarrerak bost euroko prezioa du. 

Bestalde, Gure Txokoak Ezagutzen egitasmoaren hurrengo irteera izango da larunbatean. Oraingo honetan, Aretxabaletako Urkulu urtegiaren inguruak ezagutuko dituzte, eta Degurixa mendia zeharkatuz, 17 kilometro eta mila metroko desnibel positiboa dituen ibilbidea egingo dute mendizaleek. Parte hartzaileak 07:50ean elkartuko dira liburutegi ondoko autobus geralekuan, eta 08:00etan abiatuko dira. Hara joateko autobus zerbitzu publikorik ez dagoenez, galdetegi bat bete behar da irteerara joan ahal izateko. Hemen eman daiteke izena. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide