Profesionalen esku pilota jaialdia hartuko du Gurea pilotalekuak datorren ostiral iluntzean (20:45), eta joan den asteburuko emaitzen ondoren, antolatzaileek osatu dute dagoeneko Azkoitiko frontoian ikusi ahal izango den hiru partidako karteldegia.
Aurreko astean, Buruz Buruko Txapelketa Nagusiaren zein B Serie txapelketaren aurkezpenarekin batera, jakin zen Iker Larrazabal izango zela Iñaki Artolaren aurkaria Azkoitiko jaialdiaren partida nagusian, txapelketa nagusiaren final laurdenetako ligaxkarane lehen jardunaldiaren barrukoan.
Jakiteko zeuden, ordea, B Serieko final laurdenetako ligaxkari dagokion partidako pilotarien izenak eta, horiekin lotuta, jaialdia osatuko duen binakako partidan ariko direnenak. Azken bi partida horiek joan den asteburuko emaitzek ebatzi dituzte. Bigarren mailako buruz burukoaren final zortzirenetako kanporaketetan, Unai Alberdi Alberdi II.a azpeitiarrak 22-10 hartu zuen mendean Iker Salaberria Logroñon (Espainia), eta Xabi Rekaldek 22-13 irabazi zion Iosu Eskirozi Labastidan (Araba). Horrenbestez, Alberdi II.ak eta Rekaldek neurtuko dituzte indarrak ostiralean Azkoitian.
Binakako partidan, azkenik, Zubizarreta IV.ak eta Ugartemendiak Apezetxea II.aren eta Erostarberen kontra jokatuko dute Gurean.
Etzidamuko jaialdiarako sarrerak salgai daude Entradas Fronton webgunean.