Hamar pauso aterako dituzte Ostiral Santuko prozesioan

Nerea Uranga 2026ko apirilaren 2a

2024ko Ostiral Santuko prozesioa. (Ane Olaizola)

Boluntarioei esker bihar arratsaldeko prozesioan pauso bat gehiago ateratzeko aukera izango dutela nabarmendu du Sustatuz taldeak. Hala, eguraldia lagun bada, hamar pauso aterako dira 18:00 aldera hasiko den prozesioan. Biharko ekitaldiez gainera, gaur ere izango dira Aste Santuko elizkizunak Azkoitian.

Joan den igandean Erramu Egunarekin hasi zituzten Aste Santuko ekitaldiak Azkoitian, eta gaurtik eta Pazko Igandera bitartean elizkizunak nahiz izango dira herrian. Ostiral Santuko bi prozesioak antolatzen dituen Sustatuz taldekoak biharko dena prest uzteko azken lanak egiten ari dira. Talde horretako kideek azaldu dute, bihar arratsaldeko (18:00) prozesioan hamar pauso aterako dituztela, prozesioan laguntzeko eta irteteko prestutasuna adierazi duten boluntarioei esker.

Tradizio handia duen Azkoitiko Ostiral Santuko prozesioak, denera, hamahiru pauso ditu, baina biharkoan hamar aterako dituzte. "Bederatzi pauso ginen prozesioan ateratzekoak, baina azkenengo momentuan pare bat boluntario gehiago batu zaizkigunez, Pilatosen pausoa ere atera egingo dugu". Gainera, aurten inoiz baino haur gehiagok parte hartuko dute prozesioan, "pauso bakoitzarekin bi haurrek behintzat irtengo dute", adierazi dute Sustatuz taldekoek. 

Ostiral Santuko prozesioa 18:00 aldera aterako da parrokiatik; Jesusen Nekaldi eta Heriotzaren ospakizunaren ondoren. Plazaberri eta Ibaiondo kaleak zeharkatuko ditu prozesioak eta parrokian bertan bukatuko dute. Euria egingo balu prozesioaren momentuan, parrokiaren barruan egingo dute. Ohi bezala, bihar Hilobirako Prozesio Santua ere egingo dute, 21:30ean hasita.

Egitaraua:

Gaur, apirilak 2. Ostegun Santua.

  • 17:00. Meza Santa Klarako elizan, gaztelaniaz.
  • 19:00. Jesusen afariaren ospakizun meza parrokian, euskaraz.
  • 21:00. Otoitzaldi isila.

Bihar, apirilak 3. Ostiral Santua.

  • 09:00. Gogoetarako eta bisitarako eliza zabalduko da.
  • 11:00. Gurutze Bidea.
  • 16:00. Jesusen Nekaldi eta Heriotzaren ospakizuna, Santa Klarako elizan, gaztelaniaz.
  • 17:00. Jesusen Nekaldi eta Heriotzaren ospakizuna euskaraz, parrokian, eta prozesioa, parrokiatik hasita.
  • 21:30. Hilobirako Prozesio Santua.

Apirilak 4, larunbata. Pazko Bezpera. 

  • 21:00. Parrokian Pazko Gaubeila, euskaraz: sua, pazko suzia eta uraren bedeinkapena. Berpizkunde Meza.

Apirilak 5, igandea. Pazko Igandea. 

  • 11:00. Pazko meza nagusia. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide