AGAren okupazioa salatu du aldundiak, eta espazioa "lehenbailehen" uzteko eskatu dio asanbladari

Ane Olaizola 2026ko martxoaren 31

Gipuzkoako Foru Aldundiaren arabera, "onartezina" da AGAk egin duen ekintza, "guztiena" behar lukeen ondasuna "mugimendu politiko jakin baten erabilera eta helburuetarako" erabiltzea eragingo duelako. 

Gaztetxe bihurtzeko asmoz Azkoitiko Gazte Asanbladak joan den astean gauzatu zuen okupazioaren erreakzio sokara batu da Gipuzkoako Foru Aldundia ere. Okupazioa salatu du erakundeak, "legez kanpokoa" dela argudiatuta, eta kideei dei egin die "lehenbailehen" espazioa utz dezaten.

Duela urte batzuk Julio Urkixo kalean Lidl supermerkatua egon zen eraikineko goiko solairua, Azkoitiko Gazte Asanbladak hartu duena, Etorlur eta Azkoitia Lantzen sozietate publikoen jabegokoa dela gogoratu du aldundiak, eta beraz, "azkoitiar eta gipuzkoar guztiona" dela adierazi du. Ondorioz, halako ekintzak, "legez kanpokoak" izateaz gain, "onartezinak" ere badirela esan du hark, "guztiena" behar lukeen ondasuna "mugimendu politiko jakin baten erabilera eta helburuetarako" erabiltzea dakartzalako. Are, eraikinak "gutxieneko osasungarritasun eta segurtasun baldintzak" betetzen ez dituela-eta, eraikina "berehala" uzteko deia egin die asanbladako kideei. 

"Interes publikoa" defendatzeko, bestalde, aldundiak aurreratu du "beharrezko neurriak" hartuko dituela udalarekin elkarlanean. Era berean, babesa azaldu dio udalari, udal ordezkariek atzo jasan zuten "intimidazio ahaleginaren" aurrean. "Herritar eta herri ordezkari diren heinean, errespetua zor zaie. Horregatik, balio demokratikoen eta elkarbizitzaren aurka doazen jarrerak salatzen ditu foru erakundeak. Elkarbizitzak eskatzen du elkarrekiko errespetuan oinarritutako elkarlana eta inolaz ere ez gisa horretako presioak".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide